Sakona Komuntzo etxalde ekologikoa ezagutzeko bisita antolatu du Ekoetxeak

Maddi Txintxurreta 2026ko urtarrilaren 17a

Haur talde bat, Sakona Komuntzo etxaldean.

Ekoetxearen eskutik, Azpeitiko Sakona Komuntzo etxaldea ezagutzeko aukera izango dute hilaren 24an, larunbata, herritarrek. Bertako nekazaritza sustatzen duten praktika jasangarriak erakutsiko dituzte etxaldeko arduradunek. 10:00etarako jarri dute hitzordua, Frontoi Txikian. Doako jarduera da, baina beharrezkoa da izena ematea.

Sakona Komuntzo etxalde ekologikora bisita gidatua antolatu du Ekoetxeak urtarrilaren 24rako, larunbata. Zaporeek badituzte istorioak izeneko jarduera horren bitartez, baserrian nekazaritza eta abeltzaintza jasangarriaren alde egiten dituzten lanak ezagutzeko aukera izango dute herritarrek.

10:00etan egin dute hitzordua Frontoi Txikian, handik Sakona Komuntzo etxaldera joateko. Han, etxalde ekologikoko baratzean egiten duten lanaren inguruko informazioa jasoko dute bisitariek, eta elikagai horien atzean ezkutatzen diren "istorio liluragarriak" ezagutzeko aukera izango dute. Sasoiko eta bertako produktuekin lan egiten dute baserrian, nekazaritza jasangarriaren printzipioetan oinarrituta.

Baserria ezagutu ostean ostean, Elikagunera joango dira parte hartzaile guztiak, bertan mokadua prest izango baitute Ekoetxeko arduradunek. 13:00ak inguruan amaituko da topaketa.

Ekoetxeak ohar batean agertu duenez, bisita aukera paregabea da "bertako nekazaritza sustatzen duten praktika jasangarriak gertutik ezagutzeko".

Familian egiteko plan aproposa dela nabarmendu dute, eta doako jarduera izango den arren, lotura honetan eman beharko dute izena parte hartu nahi dutenek, plazak mugatuak baitira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide