San Sebastian eguna berritasunekin dator aurten Azpeitira, eta horietako bat da urtarrilaren 20an jokatuko den zesta-punta jaialdia. Hiru hamarkadaren ondoren, puntista profesionalak Izarraitzera itzuli ziren San Inazio jaietan, eta orain, Winter Series desafioa jokatuko dute leku berean, emakumeen zein gizonen kategorietan. Horrela, zesta-punta profesionalaz gozatzeko aukera izango da Azpeitian San Sebastian egunez, datorren asteartean, 18:00etan hasita. Gaur egin dute jaialdiaren aurkezpen ekitaldia, Izarraitz pilotalekuan.
Hitzordu berezia izango da Azpeitikoa; izan ere, Imanol Lopez puntista zumaiarra kantxan ikusteko azken aukeretako bat izango da, hura San Telmo jaietan erretiratuko baita. Harekin batera, Erkiagak, Lekerikak eta Urrestik jokatuko dute Izarraitzen. Emakumeen desafioan, bestalde, Helenak eta Fridak jokatuko dute, Maiteren eta Maialenen aurka. Sarrerak online eskura daitezke www.eramanjaialai.com webgunean.
Emakumeak eta gizonak lehian
2025-26 denboraldiko Jai Alai League denboraldia martxan da, gizonezko zein emakumezkoen kategorietan, eta Gernikako Eusko Label Winter Series da txapelketa entzutetsuena; dagoeneko finalerdietan sartua da txapelketa. Urtarrilaren 19an, Azpeitian jokatu bezperan, Gernikan (Bizkaia) arituko dira Eñaut Urreisti mutrikuarra eta Imanol Lopez zumaiarra. Bi gipuzkoarrak, egungo puntista onenetakoak dira, eta astelehenean, Johan eta Gorka lapurtarrak izango dituzte aurkari. Biharamunean, berriz, Azpeitiko Izarraitzen jokatuko dute bi bizkaitarren kontra: Aritz Erkiagaren eta Unai Lekerikaren aurka. San Sebastian egunean jokatuko dutena maila handiko partida izango dela aurreikusten dute antolatzaileek.
Gizonen aurretik, emakumeak lehiatuko dira astearteko jaialdian. Alde batetik, Helena Barrenetxea durangarra (Bizkaia) eta Frida Watkins zumaiarra izango dira, eta, bestetik, Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra eta Maialen Aldazabal berriatuarra (Bizkaia). Goi mailako pilotariak dira laurak. Helena Barrenetxea Euskotren Winter Serieseko egungo txapelduna da, eta Maialen Aldazabal txapelketa prestigiotsu horren aurreko urteko irabazlea. Maite Ortiz de Mendibilen kasuan, aurrelari arabarra egungo munduko txapelduna da maila absolutuan (Miarritze, Lapurdi, 2022), eta Frida Watkins goi mailan aritu da 2025ean, Bilboko eta Zumaiako Master Seriesak irabazita.