Kulturaz kooperatibak antolatzen duen helduen antzerki tailerrean parte hartu nahi dutenek otsailaren 1era bitartean izango dute izena emateko aukera. Dinamoa sormen guneko gorputzaren eremuan emango dituzte saioak otsailaren 4tik ekainaren 17ra, eta Xanti Agirrezabala aktorea izango da tailerraren gidaria.
Kulturazek argitu duenez, "oholtzarekin, gorputzarekin eta antzerkiarekin beste harreman modu bat nahi duen edonork dauka lekua laborategian, aurrez inoiz ibili gabea izanda ere". Jakinarazi duenez, urtarrilaren 28an, asteazkena, froga saio bat eskainiko dute Dinamoan.
Bestalde, asteazkenetan 19:30etik 21:00era izango dira saioak, eta matrikularen prezioa 150 eurokoa izango da, hileko 30 euro hain zuzen. Kultur Bonudunek, erretiratuek eta ikasleek, aldiz, 100 euro ordaindu beharko dute. Informazio gehiago jaso nahi zein izena eman nahi duenak, Dinamoaren webgunera jo dezake.
"Tailer honetan antzerkiak dituen baliabideak ezagutu eta hauetaz baliatzea izango da helburua. Diziplina honen zirrikituak, moduak eta sekretuak ikasteko tailerra da hau", gaineratu du Kulturaz kooperatibak.