GI-631 errepideko saihesbidean, 12,3. kilometroan, Zestoatik Azpeitirako sarreran, Urola ibaiaren gaineko zubiaren egitura birgaitzeko eta sendotzeko lanak hasi ditu aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako departamentuak. Obra horiek egiteko, errepidearen bide bat itxi egin dute, eta ibilgailuei pasoa txandaka ematen ari dira. Era berean, obrak egiten dituzten bitartean, Azpeitia eta Zestoa arteko bidegorria itxi egingo dute. Horrez gainera, Urola kaletik GI-631 errepiderako pasoa itxi egin dute autoentzako.
Ezkuztatik gorako Urola ibaiaren gaineko zubia habe prefabrikatuz osatuta dago; egiturak bi estriboen artean 66 metroko luzera du eta 11 metro ditu zabalean. Foru aldundiak azaldu duenez, gaur egungo zubiaren proiektua 1971. urtean idatzitakoa da. Aldundiak errepide sareko azpiegituretan aldiro egiten dituen ikuspenetan "hainbat kalte" atzeman zituen zubi horren egituran, eta esku hartzea behar duela erabaki du. Zubiak dituen kalteak honakoak direla zehaztu du erakundeak: "Armadurak bistan ditu hezetasunaren eta xukaduren ondorioz, eta hormigoia kaltetuta dago. Horrez gain, hezetasun orbanak ditu, drainatze gabezien ondorioz".
Zubiaren egiturak dituen kalteez gainera, aldundiak azaldu du, zubiaren proiektua 1971koa izanda, ez dituela betetzen gaur egun estrukturentzako eskatzen diren kargak, eta ondorioz, sendotu beharra dagoela zubia. "Zubi hori eraiki zen garaian baino askoz handiagoa da errepide horretako gaur egungo trafikoa. Kontuan izan behar da gune hori Urolatik kostalderako irteera bakarra dela, eta bertan ibilgailu astunak zein bereziak ibiltzen direla, inguruko industria jardueren ondorioz".
Zubia birgaitzeko eta sendotzeko lanak egiteko sei hilabeteko epea beharko dutela aurreikusi dute obraren arduradunek, eta lanak 1.452.057 eurotan esleitu ditu aldundiak. Zubia eusten duten habeak eta taula erabat berrituko dituzte, eta pilareetan zein estribuetan kaltetuta dagoen hormigoia konponduko dute. Lan horiek egiteko errepidearen errei bat "ezinbestean" itxi behar izan dutela adierazi du erakundeak, eta horri irtenbidea emateko, trafikoa aldizka zuzentzeko semaforoak jarri dituzte.
Errepidean bakarrik ez, zubiaren azpialdetik pasatzen den Azpeititik Zestoarako bidegorrian ere eragina izango dute obrek. "Langileak lanean ari diren bitartean, bidegorria itxi egingo dute. Dena den, lanik egiten ez den egunetan eta momentuetan (asteburuetan...), eta obraren egoerak ahalbidetzen duen neurrian, bidegorria zabalik mantenduko da", azaldu du aldundiak.
