Abenduaren 31n kalera atera ginen 2025ean Azpeitian, eta orokorrean, Euskal Herrian gertatutako eraso matxistak salatzeko eta erasotzaileen inpunitatearen aurkako deia zabaltzeko. Izan ere, bai: Azpeitian ere gertatzen dira erasoak eta, bai: Azpeitian ere badaukate inpunitatea erasotzaileek.
Pozgarria da herrian matxismoaren aurkako jarrera hori ikustea. Izan ere, albiste kezkagarriekin agurtu genuen abendua. Abendua eta urtea, beste urte bat gehiago. Telebista piztu eta "erailketa matxista Barakaldon", sakelako telefonoa hartu eta "emakume bat bortxatzen saiatzegatik, 60 urteko gizon bat atxilotu dute Azkoitian", ordenagailua piztu eta "emakume bati sexu erasoa egin diote Eibarren", hurrengo astean "Aian, adingabe bati sexu-erasoa egin dio gizon batek". Eta horrela, etengabe. Horrelako albiste bakoitzak gehiengoari odola irakiten jartzen digulakoan nago, baina gero scrolling eta hurrengora.
Erreakzioak gizarte osoa mugiarazten du eskuinerantza. Birus baten moduan, denok kutsatzen gaitu, gehiago edo gutxiago. Hori dela eta, ukatzen du hainbatek indarkeria matxista bera, eta horrela normalizatzen da: erasoek ia ez dute inpakturik sortzen gizartean, erailketa matxista bat gertatzen da eta besterik gabe pasatzen da, triparik mugituko ez baligu bezala…
Kutsaduraren adibide gehiago daude: erasotuaren hitza zalantzan jartzea, eraso guztiak atzerritarrek egiten dituztenaren ideia, eta, nola ez, erasotzaileen inpunitatea areagotzea. Ez dakit zuek, baina nik behintzat sarri entzun izan ditut: "Ziur hori egin duela? Ziur ez dela neskaren paranoia?", "berez tipo jatorra da", "gaur egun jada ezin da ezer egin, beherala erasotzailetzat hartzen zaituzte", eta antzekoak. Hori, ordea, erasotzailea ezaguna denean gertatzen da. Ezagutzen ez dugunean eta posizionatzeak inplikaziorik ez daukanean, aldiz, zeinen erraz eta konplexurik gabe egiten dugun erasotzailearen aurka. Eta erasotzailea kanpotarra denean zer esanik ez, zeinen azkar eskatzen dugun kartzela zigorrik handiena, zeinen azkar ateratzen garen kalera erasoa salatzera, zeinen azkar betetzen dugun herriko plaza. Horri arrazismo kiratsa dario. Eta ez, ezin da horrela izan: indarkeria matxistari datorren lekutik datorrela erantzun behar zaio.
Izan ere, esan bezala, erasotzailea egunero ikusten dugun lankidea denean, edo kuadrillakoa, edo auzokidea, zalantza gehiago sortzen zaizkigu. Egoera horietan "errelato desberdinekin" egiten dugu topo: eraso bat, bi errelato. Badirudi norberak libreki aukera dezakeela zein errelato erosi: gertutasunagatik, errukiagatik, esan dizutenagatik… eta "hainbesterako ez zen izango!" batekin geure buruari egiten diogu tranpa. Nago, ordea, erasotuaren hitza zalantzan jartzearen atzean ez ote dagoen posiziorik hartu nahi ez izatea. Izan ere, posizionatzeak gure egunerokotasun erosotik irtetea eragiten du: betidanik ezagutzen dugun auzokideari agurra ukatzea, txikitako lagunarekin harremana moztea…
Nahi ez badugu ere, gure eguneroko ekintzek badute eragina gizartearen jokabide eta pentsamenduetan. Eta gehiago bizi dugun testuingurua erreakzioak eta ideia atzerakoiek ezaugarritzen dutenean. Zergatik? Indarkeria matxista normalizatzea eta erasotzaileari mesede egiten dieten diskurtsoak zabaltzea errazagoa delako. Ez baditu inork seinalatzen, zergatik lotsatu jendaurrean? Ez baditu inork bazter uzten, zergatik aldendu kaletik?
Posiziorik ez hartzea ere, posizioa hartzea da. Erasotzaileen inpunitatearekin amaitzeko, beharrezkoa da kalera ateratzea, eraso guztiak desnormalizatzea, salatzea, antolatzea... eta, noski, erasotzailea ezaguna denean ere, beste aldera ez begiratzea.