Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketak prestatzen jarraitzeko emakumeei zuzendutako hirugarren entrenamendu saioa egin zuten atzo goizean hainbat lagunek. Atzokoa Ainara Urrutia korrikalari profesionalak gidatutako entrenamendua izan zen, eta han parte hartu zutenek hamasei kilometroko zein 900 metroko desnibeleko ibilbidea osatu zuten Izarraitzen barrena.
Goizean goiz, Azpeitiko igerilekuaren aurrean elkartu ziren korrikalariak, eta eguraldi petrala izanagatik, talde handi samarra osatu zuten. Ohi bezala, hamaiketakoarekin borobildu zuten kirol saioa, eta hori gutxi ez balitz, Mendizabal erretegian bi lagunentzako otordu bat eta Joma etxearen bi haizetarako zozkatu zituzten atzoko saioan parte hartu dutenen artean. Laugarren eta azken entrenamendu saioa, berriz, otsailaren 21ean izango da, Jomako taldekideen eskutik.
Korrikalariak, Izarraitzen gora. (Alberto Beloki)