Teknologia berriak: arriskuak eta gomendioak izenburupean antolatutako bi solasaldietan azkenerako izen ematea zabalik du Azpeitiko Altxa Burua taldeak. Bereziki haurren zein nerabeen gurasoei zuzenduta antolatutako saioa izango da.
Itxaso Marti neuropediatra izango da bigarren hitzordu horretan hizlaria. Gailu digitalak eta ondorioak izenburua jarri diote saioari, eta hain zuzen, gailu digitalen erabilerak haurren eta nerabeen osasun fisikoak, psikologikoan zein garapen neurologikoan izan ditzakeen ondorioak izango ditu hizpide Martik.
Urtarrilaren 22an izango da hitzordua, 18:00etan hasita, Azoka Plazaren goiko solairuko aretoan. Hitzaldira joan nahi dutenek zabalik dute oraindik izena emateko aukera, galdetegi hau beteta. Antolatzaileek zaintza eta itzulpen zerbitzuak eskainiko dituzte.