Errege egunean ohitura den gisan, Azpeitiko Udal Musika Bandak urte berriko lehen kontzertua eskaini du gaur eguerdian Sanagustin kulturgunean. Kanpoan eguraldi tristea egiten zuen arren, herritar ugari bildu da kulturguneko epelean kontzertu bereziaz gozatzeko pronto. 12:30ean hasi da emanaldia, eta ordubeteko zuzenekoa eskaini dute bandako musikariek, Unai Frantsesenaren zuzendaritzapean.
Kontzertuaren programazioan sei pieza aurreikusten zituzten arren, sorpresa bat utzi du hitzorduak. Izan ere, Randall Standridgeren The Great Rubber Chicken Galop abestia eskaini dute azkenaurreko kantu gisa. Pieza hori musikari guztiek plastikozko oilaskoekin jotzeko modua dago, eta bandakoen hasierako ideia hori zen arren, hainbat arrazoi tarteko, plastikozko oilasko bakarrarekin egin dute, gainerako musika instrumentuek lagunduta, noski. Jakin-mina piztu du ikusleen artean, baina umorez hartu dute gehienek. Izan ere, oilaskoz jantzita atera da bakarlari lanetarako pronto agertu den Jon Urbieta bandakidea. Unai Frantsesenak azaldu duenez, partituren artxiboan aurkitu zuen pieza, eta "Errege eguneko kontzertuan umore ukitua jartzeko aproposa" iruditu zitzaion. Bururatu eta egin.
Honako hauek izan dira Errege eguneko emanaldian eskaini dituzten gainerako abestiak: Boleroa (Maurice Ravel - Jay Bocooken moldaketa); Enperadorearen balsa (Johann Strauss II - T. Conway Brownen moldaketa); Trumoi eta tximista artean (Johann Strauss II); Aldaketa txikiak (David Lovrien), Intxaur-hauskailua (Tchaikovsky - Hans-Joachim Rhinowen moldaketa) eta Duke jauna (Stevie Wonder - Naohiro Iwairen moldaketa).
Musika bandaren urteko lehen kontzertua borobildu duen abestia, osorik: