AEBek Venezuelaren aurka egin duten "esku hartze inperialista" salatu du Kontseilu Sozialistak

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 4a

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak plazan egin du kontzentrazioa arratsaldean, AEBek Venezuelaren aurka egin duten "eraso inperialista" salatzeko eta hango herri langileriari elkartasuna adierazteko. Nicolas Maduro Venezuelako presidentea eta Cilia Flores haren emaztea atxilo hartu zituzten atzo AEBek.

AEBek atzo egin zioten eraso Venezuelari, eta atxilo hartu zituen Nicolas Maduro herrialde horretako presidentea eta haren emazte Cilia Flores. Eraso hori gaitzesteko, elkarretaratze jendetsua egin dute gaur, igandea, Azpeitiko plazan, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak deituta; Eraso inperialistaren aurka, elkartasuna Venezuelako herri langilearekin lelopean egin dute kontzentrazioa, eta dozenaka lagun bildu da pankartaren atzean.

Venezuelaren aurkako erasoa AEBek "narkotrafikoaren aurkako operazio baten aitzakiapean" egin dutela salatu dute Kontseilu Sozialistako kideek, elkarretaratzearen amaieran plazako kioskotik egindako adierazpenetan. "Venezuelaren aurkako esku hartze inperialista gauzatu eta eskuin muturreko erregimen morroi bat ezarri nahi dute. Balizko erregimen aldaketarekin batera, AEBk Venezuelako petrolio erreserbak zuzenean bereganatu nahi dituzte, ustezko demokraziaren izenean eta Venezuelako herri langilea odolustuz". Elkarretaratzearen deitzaileek adierazi dute "eraso militar inperialista" salatuko dutela, eta bide batez, Venezuelako herri langilearen "erresistentzia eskubidearen alde" lerratuko direla. 

AEBek Venezuelan ezarri duten gobernu berriak "erabateko atzerapausoa" suposatuko du Venezuelako langileriarentzat. "Multinazional yankien etekin pribatua handitzera bideratuko dute gobernua, eskuin muturrekoa eta eskubide politiko oro ezabatuko lituzkeena". Era berean, Europako Batasuneko gobernuen zein mendebaldeko komunikabide nagusien "hipokrisia" ere salatu dute: "Demokraziaren izenean, Venezuelako herriaren aurka oligarkia inperialistaren estatu kolpe hau babesten ari dira", esan dute. Hori hala, Venezuelako herri langilearen erresistentzia eskubidea "irmoki" babestu dute, eta adierazi, hura "babesteko unea" dela.

Bestalde, nabarmendu dute atzo bizitakoaren ondotik "irakaspen historikoak" ateratzea dagokiela, eta zentzu horretan, "beharrezkoa" ikusi dute estatu bolibartarren mugei buru hitz egitea. "Hainbat urte dira ezker prozesu nazionalistak blokeo egoeran daudela, bai Venezuelan, bai Latinoamerika guztian. Irabaziaren birbanaketa handien bidez herri langilearen bizi baldintzak hobetzea lortu bazuten ere, proiektu sozialdemokratari berezkoak zaizkion mugen eta presio inperialistaren ondorioz, eraldaketa prozesu horiek apaltzen joan dira. Langileon independentzia politikoa oinarri izango duen nazioarteko alderdien eraikuntza berrestea dagokigu komunistoi, inperialismoaren aurrean sozialismoaren eraikuntza izango baita benetako irtenbide bakarra". 

Venezuelan herri langileak hamarkadetan zehar eratutako "ehun militantea arriskuan" dela ohartarazi dute. "Inperialismoaren eta faxismoaren aurrean, herri langileak bere antolakuntzako eskubidea, instituzio propioak eta langileriaren interesak defendatu behar ditu. Horiekin guztiekin, eta oro har, langile klase guztiaren aldean lerratzen gara, inperialismo estatubatuarraren eta faxismoaren aurka. Kolpismo inperialisten aurka, eta Venezuelako herri langilearen alde". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide