Gaztetxoentzako iraupen eskiko irteera antolatu du Lagun Onak mendi bazkunak

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 3a

2024an egin zuten Lagun Onakek azkenekoz irteera.

Urtarrilak 24-25 asteburuan egingo dute irteera. Lagun Onak mendi bazkunak dagoeneko zabaldu du asteburu pasarako izen ematea. Mendi taldeak azaldu du irteeran parte hartzeko plazak mugatuak direla. 

Lagun Onak mendi bazkunak Lintzara irteera egingo du urtarrilak 24-25 asteburuan. Gaztetxoei zuzendutako irteera izango da, iraupen eskia praktikatzera joango dira-eta egun horretan Lintzara. Iaz, mendi taldeak ez zuen irteera egiterik ez izan, eta aurten, "inoiz baino gogo gehiagorekin" dira elkarte horretako kideak.

Irteeran parte hartzeko plazak "mugatuak" direla azaldu du Lagun Onakek, eta beraz, parte hartu nahi dutenek "bizkor" ibili beharko dute. Urtarrilaren 24an, larunbatez, 08:00etan abiatuko dira anbulatorio aurretik. Gaztetxoek 50 euro ordaindu beharko dute irteeran parte hartzeko. Aldiz, Lagun Onak mendi taldeko bazkide diren helduek 70 euro ordaindu beharko dute, eta 10 euro gehiago, bazkide ez direnek.

Prezio horren barruan sartzen dira Lintzara arteko garraioa, larunbateko afaria eta igandeko gosaria nahiz bazkaria; eski pisten eta materialaren erabilera ere ordainduko da izena ematean egindako ordainketarekin. Dena den, irteeran parte hartu nahi dutenek lotarako zakua, elurretako arropa egokia eta larunbat eguerdirako janaria eraman beharko dituzte.

Izen ematea, zabalik

Izena emateko, Lagun Onak mendi bazkunaren webguneko galdetegia bete beharko da. Galdetegia betetakoan, parte hartzaileak Lagun Onaken kontu korrontean (Rural Kutxa: ES05 3008 0152 64 5416695822) egin beharko du izen ematea; ordainketa egitean izen-abizenak zehazteko eskatu du mendi taldeak. Behin hori eginda, ordainagiria lagunonak.ibilaldiak@gmail.com helbidera bidali beharko da, baita antolakuntzak jakin beharreko beste edozein informazio ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide