Bihar, pajeen bisita, eta etzi, Errege Magoen desfilea

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 3a

Baltasar Errege Magoa iaz, herritarrak agurtzen. (Julene Frantzesena)

Bihar udaletxe azpian egongo dira bihar Errege Magoen pajeak. Etzi, berriz, Azpeitian izango dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Desfilea 19:00etan hasiko dute igerileku parean, eta aurten, aurrenekoz, Salbe auzotik igaroko dira. Ohi bezala, plazan amaituko dute ibilbidea. 

Errege Magoak Azpeitira bidean dira. Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoek astelehen arratsaldean zeharkatuko dituzte herriko kaleak, baina, bihar, igandea, haien pajeek egingo dute bisita herrira. 17:30etik aurrera, udaletxe azpian arituko dira haiek haurren eskutitzak jasotzen. Pare bat orduz egongo dira Errege Magoen laguntzaileak plazan.

Errege Magoak, berriz, astelehen arratsaldean iritsiko dira herrira. Aurrena, Lasao bisitatuko dute Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek. 16:15 inguruan iritsiko dira hara, eta hango bizilagunak agurtu ondoren, txu-txu trena hartuko dute Azpeitira. 17:00ak aldean iritsiko dira haiek Soreasuko Sebastian Deunaren parrokiara, eta han bildutako herritarrak agurtuko dituzte orduan. Atseden labur bat hartuko dute, gero, desfilearen aurretik indarrak hartzeko.

Desfilea 19:00etan abiatuko dute igerilekuaren paretik. Udalak azaldu duenez, aldaketa bat egin diote aurten Errege Magoek urtero egin ohi duten ibilbideari: desfilea Salbe auzotik ere igaroko da. Loiola alderako noranzkoan hasiko dute desfilea hiru protagonistek eta haiei lagunduko dieten gaztetxoek. Dena den, Loiolako Inazio hiribidera sartu aurreko zubia baino lehen, bidegurutze horretan, Salbe auzora sartuko dira Meltxorren, Gasparren eta Baltasarren karrozak. Hala, Jose Antonio Agirre plazaren paretik pasatuko dira Errege Magoak.

Handik berriro igerileku aurreko kalera itzuliko da desfilea, eta plazara arte egingo duten ondorengo ibilbidea urterokoa izango da: Urbitarte auzoa, Jose Artetxe zein Goiko kaleak eta Alde Zaharreko lau kaleak zeharkatuko dituzte. 20:00 inguruan iritsiko dira Errege Magoak plazara, eta udaletxeko balkoira igotzean, hitz batzuk esanez agurtuko dituzte haiek herritarrak. Eguraldiak laguntzen ez badu, ordea, udalak adierazi du posible dela ibilbidea moldatzea. 

Aldaketak autobus geralekuetan 

Errege Magoen desfilea dela eta, itxita egongo da epaitegiaren eta kanpoko igerilekuaren arteko errepidea; 18:00etatik 20:00etara itxiko dute bide hori. Hori horrela izanda, bi ordu horietan autobusek ez dute geldialdirik egingo Sanjuandegi auzoko autobus geralekuetan. Haien ordez, Esklaben aurrean aldi baterako jarri zituzten geralekuetan eskainiko dute zerbitzua Lurraldebusen autobusek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide