Fratelli d’Italia Giorgi Meloniren eskutik Italia gobernatzen, Europa iparraldean Benetako Finlandiarrak gobernu koalizioan, Frantzian Le Pen, Chega Portugalen, Alemaniako AfD eta abar luze batekin jarrai genezake zerrenda hau. Nola ez, ezin aipatu gabe utzi AEB, Israelgo estatu sionista genozida edota Bukele, Milei eta enparauak. Izenok adierazten digute joera, eta horrek egoeraren urgentzia.
Azken bi hamarkadetan KPI kontsumo prezioen indizeak %30-35 inguru egin du gora, datu ofizialen arabera. Etxebizitzaren auziari gehitu oinarrizko elikagaien %50eko igoera edota energiaren prezioak izan dituen pikoak. Aurrekoa nahikoa ez, eta soldaten geldialdia eta arpilatzea. Ezinegona, amorrua, antsietatea eta estresa langile klaseko geruza gero eta zabalagoengan.
Gerra hotsak nonahi, Ukraina, Ekialde Hurbila, Afrika. Munduko bi potentzia handien arteko lehia gero eta gordinagoa, eta Europa gainbehera inperialean. Maila globaleko krisia gogor kolpatzen ari da Mendebaldeko zibilizazioa, eta horrek ataka estuan jarri du oligarkia. Izan ere, irabazi tasa errealak geldirik edota jaisten ari diren heinean, bere burua arriskuan ikusirik ofentsiba ekonomiko eta politikoa martxan jarri du. Helburua: estatu autoritarioak artikulatzea, langile klasea are gehiago zanpatzeko eta erantzun aukera oro deuseztatzeko. Bitartekoak: erreakzioa eta faxismoa. Derrigorrezko soldaduskaren mehatxua etxe ondoan dugu, inbertsio militarrak gora eta prestazio sozialek behera egin dute: bakea nahi duenak gerrarako prestatu behar omen. Argi dago joera, argi egoeraren urgentzia.
Elite ekonomikoek egina dute apustua. Alde batetik, baliabide mediatiko eta hertsatzaile guztiak pentsamolde erreakzionarioa elikatzera bideratu dituzte, eta hori aspalditik sukaldatzen ari baziren ere, orain eguneroko ogia dugu. Erreparatu besterik ez dago plataforma teknologiko handietan nahiz X, Tiktok eta bestelako sare sozialetan influencer-ak eta bestelakoak zabaltzen ari diren zabor faxista, erreakzionario eta klasistari, zeina batez ere gazteengan eragin nabarmena izaten ari den. Ez dezagun ahaztu Euskal Herrian bertan migratzaileen aurkako ehiza antolatuak ikustera iritsi garela azkenaldian. Alderdi politikoak ere ez daude joera honetatik salbu, ustez ezkerrekoak diren zenbaiten ahotik ere entzun behar izan baitugu etorkinek lan indar merke gisa funtzio garrantzitsua betetzen dutela. Nork zainduko ditu bestela gure aitona-amonak?
Bestalde, mugimendu faxista berri bat artikulatzen eta bultzatzen ari dira, bai instituzioetan txertatuta dauden alderdi parlamentarioak babestuz, bai eta kale mailako talde biolentoak eta antolakunde ideologikoak sustatuz. Izan ere, faxismoa da funtsean estatu autoritarioaren programa bere egiten duena, eta oligarkiak badaki hori. Hau da, biek ala biek interes berberak dituzte, eta batak bestea hauspotzen du. Halaber, talde hauek instituzioen onarpena dute, eta komunikabideek ere geroz eta oihartzun handiagoa ematen diete.
Ez da kasualitatea sarreran aipaturiko izenek gobernuak hartu izana, ez eta Europa osoan zehar talde faxista berriak agertu izana ere. Ez da kasualitatea Falangea Euskal Herrira itzultzea, eta VOX alderdi faxistari aurre egiteagatik hogei auzipetu egotea ere ez. Faxismoa autoritarismoranzko palanka ezin hobea bada ere, esan beharra dago gaur-gaurkoz alderdi sozialdemokrata ezkertiarrek ere abiarazi dutela prozesu hori, faxismoari berari ateak irekiz. Gure herrian geure azaletan bizi izan ditugun azken kasuak ez dira horren lurreratze konkretua besterik, kasu puntualak izatetik urrun. Trumpek eta Abascalek mugimendu antifaxista terrorista izendatu dute, eta Ertzaintzak antifaxistak jipoitu –faxistekin elkarlanean– eta atxilotzen ditu. Batera irakurrita hobeto ulertzen diren berriak.
Hauxe dugu, beraz, gaur egungo joko zelaia. Diskurtso faxistak normalizatzen ari dira, eta hori horretarako eszenatoki bat dagoelako da. Amorrua eta gorrotoa dira egun gizartean ikusten ari garen joerek sortzen dizkiguten sentipenetako batzuk. Sentipenok, baina, ez dira norberaren sinesmen eta ideia sistema errotuenen aurka talka egiten duten errealitatearen interpretazioek sortutako erreakzioak besterik. Horregatik saiatzen da erreakzioa modu artifizialean sentipen horiek sortzen; barne sinesmenak eta ideia errotuenak modu bortitzean aldatzeko motorra izan daitezen, eta, horrela, errazagoa izan dadin behar ekonomiko eta politiko berriak aplikatzeko marko autoritarioa inposatzea. Gizartean gailentzen ari den desatxikimendu politiko eta soziala probesten dute joera erreakzionario horiek elikatzeko, askoz errazagoa baita gorrotoa proiektatzea egoera zaurgarriagoetan daudenen aurka, egoera horien erantzuleen aurka baino. Hots, gure kontura bizitzera edota guri lana kentzera datozen etorkinen aurka, edo gure etxeak okupatzen dituztenen aurka. Ideiok gero eta garbiago ageri dira kaleetan, eta horiek hauspotzen dituzten antolakundeak gero eta lasaiago.
Bada, nola utziko dizkiogu gure kaleak ideia arrazistak sistematikoki zabaltzen dituen alderdi bati? Euskararen kontra jarduten duenari? Matxismoa ukatu eta emakumea azpiratzen duen pentsamendu tradizionalistari? Nola onartu gure kaleetan frankismoaren oinordeko den egitura instituzional bat? LGTBI pertsona eta kolektibo oro desagerrarazi nahi duen moral atzerakoia? Langileriaren antolakuntza adierazpen oro kriminalizatu eta zigortzen duen mugimendua?
Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da joera hauei aurre egitea. Faxistei aurre egitea. Ez bazaie bidea ixten egonkortzeko lurzorua dute, eta ondorioak zein diren badakigu. Auzia zera da: faxismoaren aurrean entzungor egitearen estrategia, gaur egun, faxismoaren normalizazio estrategiak nahi duena da. Hala, oposizio aktibo eta antolaturik ez izatea da pentsaera erreakzionarioa barneratzen joateko bide zuzenena, eta, ondorioz, eginbehar saihetsezin bat da oposizio hori egikaritzea.
Pasa den asteburuan Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak deitutako manifestazioan argi geratu zen: milatik gora lagun bildu ginen bertan kriminalizazioa eta errepresioa salatu eta faxismoari eta horrek dakarren guztiari aurre egingo diogula adierazteko. Eta hori da bidea, hain zuzen ere. Bada kontzientzia, eta bada borondatea. Aurrerantzean ere, jarraituko dute antolaketa espresio guztiak oztopatu eta erreprimitzeko saiakerak egiten, eta jarraituko dugu horiei aurre egin eta faxismoari, erreakzioari eta autoritarismoari ateak itxiko dizkion horma eraikitzen; jarraituko dugu mobilizatzen, antolatzen, kaleak hartzen eta borrokatzen. Balio beza Azpeitikoak eredu gisa, datorkigun oldarraldiaren aurrean bloke antifaxista sendo eta eraginkor bat osatzera bidean.