Alfonso Etxeberria (Azpeitia, 1941) ELA sindikatuko idazkari nagusi izandakoa hil zen atzo, ostirala, 84 urterekin. Azpeitiarra 1976an izendatu zuten sindikatuko idazkari nagusi, Euban (Bizkaia) hirugarren kongresua egitearekin batera. 21 urterekin hasi zen ELAn, eta 35 urterekin hartu zuen goi kargua.
Lan handia egin zuen Etxeberriak sindikatuaren ezaugarriak-eta zehazten, ELA biziberritzen. Izan ere, idazkari nagusi izendatu zuten kongresuan sindikatuaren oinarriak eta estatutuak onartu zituzten; besteren artean erabaki zuten alderdiekiko independentea izan behar zuela eta izaera konfederala eduki behar zuela. Halaber, urte hartan bertan legezkotu zuten ELA, eta Etxeberriak zuzendu zuen sindikatua klandestinitatetik ateratzeko prozesua –bi urte baino ez ziren Francisco Franco diktadorea hil zela–.
Etxeberriak kargua hartu osteko urteetan hainbat urrats egin zituen ELAk, eta besteak beste, 1982ko hauteskunde sindikaletan ELA izan zen nagusi, aldea handituz; %28,7ko babesa lortu zuen Hego Euskal Herrian.
Sindikatuak 75. urtemuga bete zuen 1986. urtean, eta seigarren kongresua egin zuten, Bilbon. Orduko hartan Etxeberria hautatu zuten berriro idazkari nagusi. Dena den, handik bi urtera, idazkari nagusi karguan hamabi urte igarota, dimisioa aurkeztu zuen Etxeberriak. 1988ko azaroa zen, bi urte falta ziren zazpigarren kongresurako –1990ean egokitzen zen eta hala egin zuren–, baina idazkari nagusia aldatzea erabaki zuten sindikatuko ordezkariek. Batzorde Nazionalak azaroaren 21ean egin zuen aldaketa, eta Jose Elorrietak hartu zuen Etxeberriaren lekukoa.
Etxeberria ez zen hedabideetan-eta agertu zalea, eta bakanak dira hark komunikabideei eskainitako elkarrizketak. Horietako bi dira, esaterako, Zeruko Argia aldizkarian 1976ko urtarrilaren 10ean –707. Zenbakian– egin ziotena eta 1987ko otsailaren 22an –1.139. zenbakian– argitaratutakoak.
2004an hainbat eragilek Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia sortu zuten, eta Alfonso Etxeberria haren zuzendaritzan sartu zen 2005eko urtarrilean.
ELA: "Giltzarri izan zen"
ELA sindikatuak babesa eskaini die Etxeberriaren senideei nahiz gertukoei, eta adierazi du Alfonso Etxeberriak ELA indartzen lagundu zuela "garrantzia historiko handiko une batean". "Frankismoaren amaierak eta euskal sindikalgintza errotik erakitzeko beharrak markatutako testuinguru batean, bere egitekoa giltzarria izan zen proiektu sindikal honen estrategiak finkatzeko", nabarmendu du.
Pradales: "Eskuzabaltasuna, ikuspegia eta konpromisoa"
Imanol Pradales lehendakariak Alfonso Etxeberriaren "eskuzabaltasuna, ikuspegia eta konpromisoa" goretsi ditu sare sozialen bitartez. "Etxeberriak sindikatuak diktadura garaitik demokraziara egindako ibilbidean erakutsi zuen bere konpromisoa eta lidergo gaitasuna. Bere belaunaldiari zor diogu, momentu zailenetan, euskal sindikatu historikoaren sugarra mantendu izana eta eguneratzen asmatzea", agertu du.