Urtarrilaren 31ko manifestazioaren inguruko lanketa egiteko komitea deitu du GKSk astearterako

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 27a

Azpeitiko Gaztetxea; bertan bilduko da urtarrilaren 31ko manifestazioa lantzeko komitea.

GKSk deituta Bilbon egingo duten manifestazioari begira lan egiteko bilkura deitu du antolakunde horrek Azpeitian. Asteartean bilduko da komitea, 18:00etan, Gaztetxean.

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren kontrako mobilizazio bana egingo dituzte urtarrilaren 31n Bilbon (Bizkaia) nahiz Iruñean (Nafarroa). Testuinguru horretan, Bilboko manifestazioari begira lan egiteko bilkura deitu du antolakunde horrek Azpeitian. Asteartean bilduko da komitea, 18:00etan, Gaztetxean.

Antolakunde komunistak manifestazioak iragartzeko agerraldian azaldu zuenez, "euskal nortasunaren izenean" faxismoa goratu da Euskal Herrian. "Sare sozialetan eta kaleetako hormetan agertzen hasia da, mezu arrazista, supremazista eta matxistekin", adierazi zuten.

Hori dela eta, GKSk nabarmendu zuen "lehentasuna dela, kosta ahala kosta, ideia erreakzionarioei, estatuen erreforma autoritarioari eta hedatzen ari den faxismoari aurre egitea". Helburu horrekin mobilizatuko dira urtarrilaren 31n Bilbon nahiz Iruñean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide