Vox-en kontra protesta egiteagatik eta Gaztetxearen urteurrenaren egunean izandako istiluengatik 43 azpeitiar daude auzipetuta, prozesu judizial desberdinetan. Horien alde "elkartasuna antolatzeko eta errepresioaren aurkako aldarriak herriratzeko" Azpeitia Errepresioaren Aurka plataforma sortu zuten, eta talde horrek deitutako manifestazioa izango da bihar, Errepresioaren aurrean, klase elkartasuna lelopean. Mobilizazioa 19:00etan hasiko da Azpeitiko plazatik.
“Egoeraren larritasunak bultzatuta” eratu zuten Azpeitia Errepresioaren Aurka plataforma hainbat norbanakok eta auzipetuk; izan ere, Espainiako Vox alderdi ultraeskuindarraren aurka protesta egiteagatik eta Azpeitiko Gaztetxearen urteurrenaren egunean izandako istiluen harira, 43 azpeitiar daude auzipetuta prozesu judizial desberdinetan. Hain zuzen, 20 lagun daude ikertuta Vox-en auzian, eta 23 herritar uztailaren 20ko istiluen harira.
Plataformako kideen aburuz, aipatutako bi prozesu judizialak "ez dira kasu isolatuak". Kontrara, uste dute "oinarrizko eskubideak urratu eta adierazpen, antolakuntza eta protesta-askatasunak zigortzen dituen eredu errepresibo baten parte" direla, "estatuaren eta indar polizialaren egiturazko izaera autoritarioa agerian uzten dutenak", gainera.
Ideia hori gizarteratzeko eta "prozesu judizialen aurrean elkartasuna antolatzeko" egingo du lan Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak, hiru aldarri zehatz oinarri hartuta. Alde batetik, "herriko pertsonen eta kolektiboen aurkako jazarpen eta presio poliziala" gaitzetsiko du plataformak. Bestetik, "beldurra eta desmobilizazioa sortzea helburu duten muntaia mediatikoak eta kriminalizazio kanpainak" salatuko ditu, eta, azkenik, "estatuak faxismoarekiko duen konplizitatea eta antifaxisten aurkako errepresio sistematikoa" salatuko du. Bide horren lehenengo urratsa izango da biharko manifestazioa.