Etzi, asteazkena, hamar urte beteko dira herritar guzti-guztiei San Silbestre proban parte hartzeko aukera ireki zitzaienetik. Urteko azken eguneko lasterketak antolatzen dituen Xeye atletismo taldearena izan zen 300 metroko lasterketa inklusiboa sortzeko proposamena, eta Atzegiko kideek beso zabalik jaso zuten proposamena. Geroztik, lasterketa inkusiboa antolatzeaz arduratu dira, eta hala egingo dute aurten ere, hamargarrenez.
Lasterketaren eguna iristeko irrika ezin ezkutatuta daude Maialen Arregi, Ainara Bastarrika eta Gotzon Alberdi. Lehenengo biek estreinakoz parte hartuko dute proban, eta Alberdi, berriz, beteranoa da. Lehia gainditzen duen filosofian oinarritzen da San Silbestre proba inlusiboa, beraz, korrika, oinez, gurpildun aulkian edo bakoitzak ahal eta nahi bezala parte har dezake lasterketan. "Korrika hasiko naiz, eta nekatzen banaiz, bada, oinez bukatuko dut", adierazi du Bastarrikak.
"Herriaren parte, festaren parte, izan nahi genuen. Hori izan zen lasterketa inklusiboa martxan jartzeko arrazoia, eta helburu horrekin segitzen dugu", nabarmendu du Esther Olaizola Urola Erdiko Atzegiko arduradunak. Lasterketa irekia eta edonork egiteko modukoa da, horregatik, herritar guztiak parte hartzera animatu dituzte Olaizolak nahiz Jun Odriozola eta Oihane Alberdi Txolarteko boluntarioak.

Ibilbide berria
Aurreko edizioetan, Erdikalea eta Enparan kalea zeharkatu izan du San Silbestre proba inklusiboak, baina ibilbidean aldaketak egingo dituzte aurten. 11:00etan plazan hasiko dute proba, eta Erdikaletik Enparan dorretxera joango dira, Zelai Luzen hamaiketakoarekin amaitzeko. Han hasiko dira 12 urtetik gorakoentzako proba motza (11:30ean) nahiz sei kilometroko lasterketa nagusia (12:00).
Atzegiko kideek jakinarazi dute, gainera, boluntario gisa arituko direla San Silbestre probetako sari banaketan. "Amaitu dezagun urtea herritar guztiok elkarrekin eta festa giroan", aldarrikatu dute.