Eguraldi ezin tristeagoa egin du goiz partean Gabon egunez, eta horrenbestez, ezin izan dute nahi bezala gauzatu Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera Azpeitian. Ohikoa den kalejira ezin izan dute egin Alde Zaharrean barrena, eta horren ordez, San Martin egoitzatik zuzenean Azoka Plazara joan dira bi ikazkinak trikitilariek lagunduta. Aterkiak eta euritakoak ezinbesteko elementuak izan dira gaurko ekitaldia bertatik bertara jarraitu nahi izan dutenentzat.
Olentzero eta Mari Domingi Azoka Plazara iristean, Itsasi dantza taldeko kideek agurra dantzatu diete, eta jarraian, herriko hiru ikastetxeetako ikasleek bertsoak kantatu dizkiete. Segidan, txistulariek lagunduta, hainbat abesti kantatu dituzte Azoka Plazan elkartutako guztiek, eta horren ostean iritsi da haur guztiek hainbeste itxarondako unea: Olentzero eta Mari Domingi agurtzekoa, hain zuzen ere. Asko eta asko izan dira bi ikazkinei gutuna eman eta haiekin argazkia atera dutenak, eta haiek gaztaina erreak jaso dituzte bueltan.
Bertanen zozketa
Bertan merkatari elkarteak Gabonen atarian egin ohi duen zozketa ere gaurko ekitaldian egin dute. Olentzerok eta Mari Domingik atera dituzte ginkanan parte hartutako herritarren artean irabazleen izenak, eta honako hauek izan dira sarituak: 500 euroko bonu bana eskuratu dute Maite Azkuek eta Arantxa Segurolak, eta 100 euroko bonu bana, berriz, Maite Izagirrek, Miren Arregik, Lorena Tamaiok, Miren Arzallusek eta Maite Urbistondok.