Goizeko lehen orduetan ateri egin badu ere, kalera ateratzeko garaian hasi da eguraldia okertzen. Dena den, euria ez da izan festa zapuzteko aitzakia, ezta herritarrak kikiltzeko ere. Igandea izanik, jendez bete dira kaleak, eta noski plaza, eta egitarauan jasotako ekitaldi denak egin dituzte, jan-edanaren bueltan. Jan-edanerako hainbat txosna jarri dituzte gaur ere plazan, eta jendetza batu da horien bueltan, ohikoa denez. Talo eta txorizo mokaduak eskuratzeko Ilara luzeak sortu dira horietan.
Izarraitz txistulari taldeak girotu ditu lehen orduak, baita Udal Musika Bandak, Arrasateko gaiteroek zein Juan Antxieta musika eskolako trikitilariek ere. Gainera, ttuntturroak ere atera dira kalera. Jendetza pilatu da goiz eta eguerdi partean Azoka Plazan; izan ere, eguraldi kaskarrarentzat aterpe ezin hobe bilakatu da gunea. Hainbat ekoizlek udazkeneko produktuen azoka egin dute han, eta Andoni Bastarrikak hondarrez egindako bi txerri ere jarri dituzte ikusgai bertan.
Patxi Azkargortaren oroimenezko XI. txapelketako finalak, berriz, Izarraitz pilotalekuan jokatu dituzte, eta jendetza batu da harmailetan, herriko pilotarien harrobiaren dohainez gozatzeko. Plazan, berriz, herri kirol erakustaldia izan da. Giroak baldintzatu du saioa ikusle kopuruari dagokionez, baina kirolariek ederki egin dituzte beren lanak. Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a aritu dira aizkoran, eta Goenatxo III.a, Telleria, Olaia Esnaola eta Udane Ostolaza harri jasotzen.
Horien jaialdia bukatzearekin hasi dira kantuan bertsolariak. Xebastian Lizasoren gidaritzapean aritu dira bertsotan Amets Arzallus, Andoni Rekondo, Kattin Madariaga eta Ekhiñe Zapiain. Eta erraldoiak eta buruhandiak, berriz, kalez kale ibili dira. Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldea ere kalean ibili da, herria eta herritarrak euskal kantez zipriztintzen.
Festak, gainera, jarraitu egingo du. Nahi duenak ordu txikietara arte segitzeko aukera izango du, euriak euri. Arratsaldean, halaber, gazteen dantza suelto txapelketa izango da Soreasu antzokian (18:30), eta ordu berean hasita, Itzal taldearen erromeria, plazan.