Iñaki Segurolak utzitako ondarea, denen eskura

Aitziber Arzallus 2025eko abenduaren 20a

Iñaki Segurola Ogrue-k bizi zen artean egindako lana eta utzitako ondarea webgune bakar batean biltzeko saiakera egin dute hamar lagunek, eta gaur goizean aurkeztu dute emaitza: www.segurola.eus. Oraindik guztia nahi bezala jartzeko beste urtebeteren bat beharko duten arren, zer irakurria, entzuna eta ikusia badela adierazi dute egileek. 

Iñaki Segurola Ogrue (Azpeitia, 1962-2022) filologo, irrati kolaboratzaile eta idazleak bizi zen artean egindako lana webgune batean bildu dute haren lagun batzuek, eta gaur goizean Azokan Plazan aurkeztu dute webgune hori: www.segurola.eus. Garbiñe Larrea haren "andrezurtza" izan da mikrofonoa eskuetan hartzen aurrena, proiektuan parte hartu duten kideak alboan zituela, eta webgunearen nondik norakoak azaldu aurretik, ekitaldiarenak berarenak esplikatu ditu, kasualitateari tokirik utzi gabe eta ondo pentsatuta egin baitituzte gauzak.

Abenduaren 20a hautatu dute, Ogro Operazioaren urteurrena delako; hain zuzen ere, gaur 52 urte hil zuen ETAk Carrero Blanco, Madrilen egindako atentatu batean. "Guk gaur ez dugu asmorik atentaturik egiteko, baina zerurantz edo gorantz behintzat webgune bat bidali nahi diogu alde egin zigun ogro bati. Bera bazen blogzalea, webgunezalea; beraz, uste dut opari polita egin diogula". Ekitaldia Azoka Plazan egitea, berriz, Segurolak baserritarren jeneroari ematen zion balioagatik erabaki dute; horrela, parez pare jarri dituzte porruak eta azak eta Segurolaren lana. Aurkezpena erakunde ofizial baten egoitzan egitea ez zela aukera bat nabarmendu du Larreak, Segurolak ez zukeelako horrelakorik aguantatuko.

Behin horiek esanda, webgunearen ingurukoak azaltzera jo du. Ideia Ekaitz Goikoetxearena izan zela kontatu du. "Irakaslea da bera eta esan zidan behar zuela Segurolaren lana bilduta egongo zen toki bat, ikasle nerabeei piztu nahi zielako Segurolaren lanarekiko harra, eta webgune batek transmisioa erraztu egingo duelako". Handik denbora batera proiektuari heltzea erabaki zuen Larreak, eta bidelagun izan zitzakeenak lotzen hasi zen. Hamar laguneko taldea osatuta, auzolanean gorpuztu dute proiektua. Materiala bildu, katalogatu, atalka jarri, hitz gakoak sortu... Urtebeteko lanaren emaitza da gaur aurkeztu dutena, baina aurreratu du beste urtebete inguru beharko dutela dena nahi bezala jartzeko.

Segurolaren lana hainbat ataletan banatuta jaso dute webgunean. Idatzizko artikuluek, audioek, ikus-entzunezkoek eta liburuek atal bana dute; Segurolaren biografia dator beste batean; eta aurkibidea ere bai gai zehatzen inguruko edukietara errazago iritsi ahal izateko. Eta horiez gain, beste bi atal ere baditu webguneak. Besteek ekarriak izenekoan, besteek Segurolari buruz sortutakoak jaso dituzte batetik, eta Patziku Perurenarekin izandako korrespondentzia bestetik; eta Ogrotarikoa-n, Segurolak berak asmatutako hitzen bilduma egin dute.

Nabarmentzekoak bazter guztietan

Horiek esanda, Larreak proiektuan kide izan dituenei eman die hitza, eta gehienek baliatu dute aukera. Iosu Isaias Villanueva audioekin aritu da lanean, Botere guztia biribilguneei irratsaioa eta Hankak Lurrin-en atal batzuk entzuten eta katalogatzen, eta esan du sekulako altxorrekin topo egin duela. Adibidetzat jarri ditu Hankak Lurrin saioaren pare bat ataletan punkari buruz bota zituenak, eta aurkibidea erabiliz webgunean erraz topatzeko moduan daudela esan du. Beñat Muguruzak esan du webguneari ordu batzuk eskaintzea Iñakiri eskerrak emateko modu bat izan dela, eta Andoni Imazek webgunean jaso dituzten Segurolaren bi testu zaharrenak eta gaztelaniaz idatzitako bakarrak nabarmendu ditu: Defensa del ferrocarril de valle del Urola eta Del euskera o vascuence. Beretzat gero sortu duten webgunearen hitzaurre moduko bat izan zirela adierazi du. "Seguraski Iñakiren jardunaren barruan bi artikulu anekdotiko, baina erakusten dutenak webgunearen edozein bazterretan topatuko dugula material gozagarria eta gogoangarria".

Xabier Arenazak, ostera, dei bat egiteko baliatu du bere tartea. Hain zuzen ere Ostiela! aldizkarian aritzen zirenei laguntza eskatu die Segurolak idatzitako artikuluak identifikatzeko, pseudonimoz sinatuta daudelako eta ez dakitelako zehatz mehatz hark idatzitakoak zeintzuk diren. Azkenik, Danel Agirrek, Segurolaren lagun minak, hartu du hitza, "webgunean kolpe zorririk jo ez duen bakarrak". Segurolarekin trukatutako Whatsapp mezuak webgunean jartzekotan egon zela esan du, baina ezetz erabaki zuela, ez zekielako Segurolak hori nahiko zukeen, baina, hala ere, proiektuan lanean jardun diren lagunen ahalegina txalotu du, sekulako lana egin dutelako. "Orduak pasatu ditut webguneari begira, eta oraindik pasatuko ditudanak zaizkidanak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide