Gaur, San Tomas egunez, ekitaldiz betetako festa izango da Azpeitian. Goizetik eguerdira, udazkeneko azoka berezia egingo da Azoka Plazan eta 25 ekoizlek jarriko dituzte postuak: barazkien eta fruituen 11 postu, pastelen, ahate produktuen eta bestelakoen bina postu eta belar eta ukenduen hiru postu. Bitartean, herriko plazan, herriko ikastetxeek eta eragileek jarritako zortzi txorizo eta talo postu egongo dira. Honako hauek dira postuak: Izarraizpe ikastola publikoa-Zutoin guraso elkartearena, Iraurgi ikastetxearena, Itsasi dantza taldearena, Baigera elkartearena, Etxerarena, Ikasberri ikastolarena eta Urola Erdiko Kontseilu Sozialistarena.
Herri kirol jaialdia eta bertsolarien eta trikitilarien saioak ere izango dira eguerdi partean herriko plazan, baita XI. Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketako finalak ere Izarraitz pilotalekuan. Etenik gabeko festa eguna izango da Azpeitian.
Egun osoan hainbat musikarik girotuko dituzte kaleak, hala nola Izarraitz txistulari taldeak, Udal Musika Bandak, Arrasateko gaiteroek, trikitilariek, Bentazaharreko Mutiko Alaiek eta Itzal taldeak. Itsasiko ttuntturroen eta Azpeitiko erraldoien eta buruhandien kalejira ere izango dira.
Festa gozagarriak lortzeko ardura herritar denena dela gogoratu dute udal ordezkariek, eta hori hala dela ez ahazteko, indarkeria matxistaren aurkako Danok eo iñorrez. Danona da festie, danona da ardurie kanpainaren bidez, Txoixokeitan dabillenai, talue leloarekin kartelak eta pegatinak jarriko ditu udalak herriko hainbat gunetan.
Dantza suelto txapelketa
Gaur arratsaldean, Azpeitiko 44. Dantza Suelto Txapelketa jokatuko da Soreasu antzokian, 18:30ean hasita. Gipuzkoako bederatzi dantzari bikotek parte hartuko dute lehiaketan, eta horietatik bost Azpeitikoak dira. Honako dantzariek parte hartuko dute txapelketan: Endika Osa eta Ane Jaunarena (Lezo), Danel Castillo eta Irati Larrañaga (Pasai Donibane-Andoain), Izaro Arandia eta Hegoa Aizpuru (Azpeitia), Mikel Esnaola eta Ihintza Erauskin (Lezo), Jon Alkain eta Bidatz Manterola (Orio), Iker Zabala eta Nora Aizpuru (Azpeitia), German Aranburu eta Jone Arriaran (Azpeitia), Ane Lazarobaster eta Laiene Ezama (Azpeitia), eta June Izagirre eta Jare Labaka (Azpeitia).
Dantzari bikote bakoitzak fandangoa eta arin-arina dantzatuko dituzte; fandangoa Izarraitz txistulari taldekoen doinuekin eta arin-arina Oskar Estanga eta Aitziber Estanga trikitilarien doinuekin. Txapelketako epaimahaia Arantxa Garin (Oiartzun), Karlos Sarriegi (Hernani) eta Nahikari Vizueta (Lezo) osatutakoa izango da, eta idazkari Esti Iturria (Errenteria) ariko da.
Gaurko egitaraua:
- 10:00. Izarraitz txistulari taldearen diana.
- 10:00. XI. Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketako finalak, Izarraitz pilotalekuan.
- 11:30. Udal Musika Bandaren, Arrasateko gaiteroen eta Juan Antxieta musika eskolako soinu-jotzaileen kalejira.
- Goiz osoan zehar, Udazkeneko azoka berezia, Azoka Plazan.
- 12:00. Herri kirol jaialdia, plazan. Aizkolariak: Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a. Harrijasotzaileak: Goenatxo III.a, Telleria, Olaia Esnaola eta Udane Ostolaza.
- 12:00. Itsasiko ttuntturroen kalejira.
- 12:00-22:00. Indarkeria matxistarrik gabeko gunean egongo da Plaza Txikian.
- 12:30-15:00. Bentazaharreko Mutiko Alaiak kalez kale.
- 13:00. Bertsolarien eta trikitilarien saioa, plazako kioskoan. Bertsolariak: Amets Arzallus, Kattin Madariaga, Andoni Rekondo eta Ekhiñe Zapiain. Gai jartzailea: Xebaxtian Lizaso.
- 13:00. Azpeitiko erraldoi eta buruhandien eta Arrasateko gaiteroen kalejira.
- 18:30. Gazteen 24. Azpeitiko Dantza Sueltoko Txapelketa, Soreasu antzokian.
- 18:30-22:30. Itzal taldearekin erromeria, herriko plazako kioskoan.