Esateko Idatzi zikloaren bigarren saioa antolatu du Kulturaz kultur kooperatibak urtarrilaren 31rako. Fanzinegintzaren teknika landuko dute saio horretan Kulturazeko langileen eskutik. 10:00etatik 14:00etara bitartean, Dinamoa sormen gunean. Dagoeneko izena eman daiteke fanzinegintzako tailerrean, Kulturaz.eus webgunean.
Hitzaren erabilera praktikara bideratu eta eleak eskaintzen dituen aukerak esploratzeko sortu du Kulturazek Esateko Idatzi zikloa, "hitza lurrera eramatea" helburu hartuta: "Esateko idatziko dugu. Zer esateko? Nahi duguna, nahi adina. Luzea da oso aldaera posibleen zerrenda. Istorioak kontatzeko, poemak sortzeko, komikiak egiteko, antzezteko, ikus-entzunezkoak sortzeko, irudiak laguntzeko, beste hizkuntzetakoa gurera ekartzeko, norbere gogoetak aurkezteko, aldarrikapen kolektiboetarako".
Dinamoko hitzaren eremuan bi hilabetean behin tailer bat eskainiko dute, saio bakoitzean teknika, diziplina eta praktika zehatz bat jorratuz. Fanzinegintza tailerra zikloko bigarrena da. Izan ere, azaroaren 29an ipuingintza landu zuten Beñat Sarasola idazlearekin.