Ehunmilak Bira egingo du Lagun Onak mendi bazkunak etapazka 2026an

Nerea Uranga 2025eko abenduaren 17a

Gazume eta Hernio artea.

Azpeitiko mendizaleek zazpi etapatan egingo dute ultra trail lasterketa ezagunaren ibilbidea. Azken urteetako etapaz etapako egitasmoen antolaketa berdina izango du. Aurreneko etapa, Azpeitia-Tolosa artekoa, otsailaren 7an egitea aurreikusi dute Lagun Onak mendi bazkunakoek.

Ehunmilak Bira da Lagun Onak mendi bazkunak 2026. urterako antolatu duen helduen etapazkako egitasmoa. Azken urteetako formatu bera izango du ekimenak, eta gutxi gorabehera hilean etapa bat eginez, ibilbide luze bat osatzea izango du xede, otsailean hasi eta urrira bitartean.

Ibilbidea Ehunmilak ultra trail proba ezagunaren bidea izango da. Lasterketa hori ez dute egingo datorren urtean, eta Lagun Onaki "une interesgarria" iruditu zaio hain ospetsua egin den proba horretako ibilbidea zazpi etapatan banatuta egiteko. Ukabi Group enpresak babestuko du egitasmoa, eta Azpeitiko Udalaren laguntza izango du.

Ehunmilak Bira ibilbide luzeak 2017. urtetik Lagun Onak mendi bazkunak antolatu dituen helduentzako etapazko egitasmoen antza du. Honakoak dira orain arte mendizaleek egindako etapazko egitasmoak: Azpeitia-Hazparne (2017), Azpeitia-Bilbo kostatik (2018), Ardoaren eta arrainaren ibilbidea (2019), Azpeitia-Iruñea (2022), Azpeitia-Hiru Erregeen Mahaia (2023), Tutera-Azpeitia (2024) eta Azpeitia-3H-Gasteiz (2025). Egitasmoa mendizaleei, ibiltariei edo naturazaleei zuzendutakoa da, eta herritar guztiarentzat egingarriak izango diren zazpi etapa prestatu dituzte.

Etapaz etapa

Egitasmoa Azpeititik abiatu eta bertan amaituko da, eta 171 kilometroko luzera izango du. Mendizaleek aurreikusitako aurreikusitako etapen egutegia honakoa da:

  1. Otsailak 7. Azpeitia-Tolosa. 23 kilometro. Gailurrak: Gazume eta Hernio.
  2. Martxoak 7. Tolosa-Larraitz. 23 kilometro. 
  3. Apirilak 25. Larraitz-Lizarrusti. 16 kilometro. Gailurrak: Txindoki eta Ganboa.
  4. Maiatzak 23. Lizarrusti-Otzaurte. 20 kilometro. Gailurra: Intsusburu.
  5. Ekainak 20. Otzaurte-Beasain. 36 kilometro. Gailurrak: Aizkorri eta Aketegi.
  6. Irailak 19. Beasain-Elosua. 30 kilometro. Gailurra: Izazpi.
  7. Urriak 24. Elosua-Azpeitia. 25 kilometro. Gailurrak: Irukurutzeta eta Xoxote.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide