Elizkaleko 18, 20, 22 eta 24 zenbakidun lurzoruan alokairu sozialeko hamasei etxebizitza eraikiko ditu Eusko Jaurlaritzak, Azpeitiko Udalarekin eta Azpeitia Berritzenekin adostutako hitzarmenari esker. Eraikin bakarrean eraikiko ditu aipatu etxebizitzak eta trastelekuak, eta horretarako, Jaurlaritzak 3,5 milioi euroko inbertsioa egitea du aurreikusita. Obrak amaitzeko hiru urteko epea beharko dela adierazi du etxebizitzak sustatuko dituen erakundeak, eta "udalerrian erroldatuta daudenek lehentasuna" izango dutela, indarrean dagoen adjudikazio araudiaren arabera.
288 metro koadroko partzela doan lagako diote udalak eta Azpeitia Berritzenek Jaurlaritzari. Akordio hori egitea abenduaren 3an, ohiko udalbatzarrean, onartu zuen Azpeitiko Udalak. Gaur, berriz, hitzarmen hori baimendu du Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak. Erakundeen arteko akordio horren bidez, Elizkaleko 18, 20, 22 eta 24 zenbakidun lurzoruak partzela bakarrean bilduko ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari doan lagako dizkio, alokairuko etxebizitza sozialak sustatzeko. Proiektuaren arabera, hamasei etxebizitza sozial eta trastelekuak izango dituen eraikin bakarra eraikiko dute Alde Zaharrean.
Elizkalean alokairurako etxebizitzak eraiki ahal izateko hainbat lan aurreratuta ditu dagoeneko Azpeitiko Udalak. Alegia, 22 eta 24 zenbakidun eraikinak eraitsita ditu, oinarrizko proiektua idatzita du, baita obra lizentzia lortuta ere. Ondorioz, hitzarmena izapidetu bitartean, jardueraren definizio teknikoak aurrera egin ahal du, epe administratiboak laburtuz eta obren hasiera erraztuz.
Lagapena formalizatuta dagoenean, Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Elizkaleko 18 eta 20 zenbakidun eraikinak eraitsiko ditu, eta alokairu sozialeko hamasei etxebizitzak eraikiko ditu. Obra horiek egiteko, gehienez ere hiru urteko epea beharko dela adierazi du Jaurlaritzak.
Elkarlanaren emaitza
Elizkalean egingo duten etxebizitza proiektuak udalerri ertainetan eta txikietan duten garrantzia nabarmendu du Miguel de los Toyos Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailburuordeak. "Etxebizitza kopuruak apala badirudi ere, funtsezkoak dira Azpeitia bezalako herrientzat. Sustapen bakoitza da beharrezkoa alokairuko parke publikoa handitzeaz eta etxebizitza behar errealei erantzuteaz ari garenean”.
Alokairurako etxebizitzak eraikitzeko administrazioen artean duten elkarlana ere nabarmendu du Etxebizitza sailburuordeak. Haren arabera, udalak Jaurlaritzari lurzorua doan lagatzea da "biderik eraginkorrena" etxebizitza sozialen proiektua bizkortzeko. "Udalek eta Eusko Jaurlaritzak norabide berean egiten dugunean, azkarrago eta eragin sozial handiagoz aurrera egitea lortzen dugu", gaineratu du de los Toyosek.
Elizkaleko alokairu sozialerako hamasei etxebizitzen proiektuak Euskadiko Etxebizitza Legearen eta 2022-2036ko Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren helburuak ditu, sailburuordearen arabera. "Horiek alokairuko etxebizitza babestuen parkea indartzearen alde eta lurzoru publikoaren kudeaketa aktiboaren alde apustu egiten dute, etxebizitza duin eta eskuragarrirako eskubidea bermatzeko funtsezko tresna gisa", adierazi du.