Urola eta Ibaieder ibaietako zubi inguruak garbitzen ari dira

Nerea Uranga 2025eko abenduaren 17a

Uholde arriskua murrizteko, ibaiertzeko landarediak betetzen duen funtzio ekologikoa zaintzeko edota landaredi inbaditzailea eta aloktonoa ezabatzeko helburuz ari da udala ibaiak garbitzen. Astelehenean hasi zituzten garbiketa lanak eta aste honetan bertan bukatzea aurreikusita dute.

Ibaieder eta Urola ibaietako hainbat zubi inguru garbitzen ari da udala egun hauetan; hain justu, Amuko zubiaren, San Martin estrataren, Azoka Plazaren, Enparan dorretxearen ondoko zubiaren eta Julian Elorza kaleko zubiaren inguruetan ari dira lanean Basoinsa enpresako langileak. Astelehenean hasi zituzten garbiketa lanak, eta hiruzpalau egun beharko dituzte lanak bukatzeko, udalak aurreratu duenez.

Hiru helburu nagusirekin hasi da udala ibaietako zubi inguruak garbitzen: uholde arriskua murrizteko, ibaiertzeko landarediak betetzen duen funtzio ekologikoa zaintzeko nahiz landaredi inbaditzailea eta aloktonoa ezabatzeko.

Helburu horiek kontuan hartuta honako lanak egingo dituzte: bost metrotik beherako altuera duten zuhaitzak moztuko edota kenduko dituzte, bost metrotik gorako garaiera duten zuhaitzen azpialdeko adarrak kimatuko dituzte, egur hilak ibaitik aterako dituzte, sastrakak garbituko dituzte, eta landare inbaditzaileak eta aloktonoak kenduko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide