Iñaki Segurola Ogrue (Azpeitia, 1962-2022) filologo, irrati kolaboratzaile eta idazlearen webgunea aurkeztuko dute larunbatean, abenduaren 20an, Azpeitiko Azoka Plazan: www. segurola.eus. Hain zuzen ere, Segurolak bere bizitzan zehar egindako lan oparoa webgune batean bildu dute haren hainbat lagunek, auzolanean: aldizkariak, blogak, artikuluak, irrati kolaborazioak, liburu aurkezpenak eta beste hainbat lan jaso eta katalogatu dituzte. Segurolak han-hemenka argitaratutako edukiak ez ezik, haren inguruan hainbat artistak egindako lana ere jasoko du webguneak, baita hark Patziku Perurena idazle eta lagunarekin izandako korrespondentzia ere. "Berak utzi digun guztia edonoren eskura ipintzea eta transmisio lana erraztea da gure asmoa", adierazi dute sustatzaileek. 11:00etan hasiko da ekitaldia, eta herritarrak gonbidatu dituzte hara.
Ekaitz Goikoetxea irakaslearena izan zen webgunea osatzeko ideia, transmisio lana egiteko beharrezkoa zela iritzita. Garbiñe Larrea Segurolaren "andrezurtza" orduan konturatu zen horrek zer dimentsio zuen, eta lan hori bere gain hartzeko prest egon zitekeen jendearengana jotzen hasi zen. Hala, hamar laguneko taldea osatu dute, eta auzolanean garatu dute guztia. Iametza arduratu da plataforma sortzeaz, baina boluntario taldeko kideak aritu dira katalogatze lanetan. "Ez gara ari materiala plataformara igotzen bakarrik, hitz gakoak, gaiak... bildu nahi ditugu. Iñakiren gaiak izan direnak bildu ditugu; adibidez, berak zer esaten zuen zezenei buruz, ETAri buruz... Horrez gain, Iñakik asmatutako hitzak ere bildu ditugu; horiekin Ogrotariko Euskal Hiztegia osatu dugu", esan du Larreak.
Beste atal batean, "besteek ekarriak" bildu dituzte: "Lan grafiko eder bat dago, Zakilixutena, Zaldieroarena, Patxi Juaristirena… Artista jende batek lan egin zuen berarekin, Unai Gaztelumendik ere egin zuen karikatura bat…". Segurola hil ondoren Gukaren komunitatean argitaratu zen guztia ere jaso dute. "Jendeak orduan egin zituen idatziak ere bildu ditugu".
Modu honetan laburbildu du proiektua Larreak: "Gauza da nahi dugula Iñakik utzi digun ondarea eskura jarri, transmisio lanarekin pentsatuz. Bere zaleak izan direnentzako ere bada webgunea. Iruditzen zaigu, dena bilduta jarrita, behar duenak eskura izango duela materiala, eta hainbeste zor diogula berari. Leku horretatik ari gara lan hau egiten".
Aurkezpena, 'Ogro operazioa'-ren egunean
Batzuentzako San Tomas bezpera izango da abenduaren 20a, baina webgunea garatzen ari direnek beste esanahi bat aurkitu diote haren aurkezpen datari: "Egun hori aukeratu dugu Ogro operazioa-ren eguna delako; Carrero Blancoren kontrako atentatuaren eguna. Egin dugu olgetan benetan, talde hau komando bat balitz bezala aritu da lanean, isilean, eta webgune hau zerura bidaliko dugu. Guk ez dugu atentatu bat egingo baina…", adierazi du Larreak. Ez ditu ekitaldiaren xehetasun guztiak kontatu nahi izan, baina aurreratu du saioari amaiera Danel Agirre Segurola zenaren lagun minak emango diola, "umore puntuarekin".
"Ekitaldi xumea" izango da larunbatekoa, bistan denez, umore ukitua ere izango duena. Atari digitalaren atzeko lanean aritu direnek hartuko dute hitza aurkezpenean, haien lanari eman nahi diotelako garrantzia. Larreak azaldu duenez, gehienak irakasleak eta ikerlariak dira, eta belaunaldi gaztekoak. "Gehienak 30 urte bueltakoak dira, ni naiz zaharrena. Iñakirekin konektatu zuten pertsonak dira. Berak esaten zuen bere belaunak maite zituela, baina ez bere belaunaldia. Iñaki miresten eta estimatzen zuen jendea da lan hau egin duena, oso profil ezberdinetako jendea".
Larreari zein diren baino garrantzitsuagoa iruditzen zaio pertsona horietako bakoitzak lanerako izan duen prestutasuna, borondatea. "Orduak izan dira, irakurtzen, ikertzen…". Lan egiteko "gaitasun handia" erakutsi duen talde bat dago webgunearen atzean. "Miresmenetik sortutako lan bat da", nabarmendu du Segurolaren bikotekide zenak. Bere rola zein izan den ez du galdetu arte erantzun: "Dinamizazioa, koordinazioa, prentsa oharra idatzi, bilerak deitu…". Aipatu du "gauzak serio" egitera doazela, baina ez "seriotasun erabatekoarekin". "Badakigu Iñaki sufritzen egongo litzatekeela, eta ekitaldiak eduki behar du beste kutsu bat, berari leial izanda".
Eta berari leial izateko grina horri eutsiz aukeratu dute ekitaldiaren gunea ere: "Iñakik zera esaten zuen: 'Nik egiten dudanak ez dauka inportantziarik, balioa duen jeneroa da baserritarrak plazan saltzen duena; alegia, hor dauden porruak eta azak'. Larunbatean baserritarrak porruak eta azak saltzen egongo dira; Iñakik bere jeneroari ez zion ematen halako kategoriarik, baina guk ematen diogu. Orduan, nahita aukeratu dugu Azoka Plaza aurkezpena egiteko. Garbi geneukan ezin genuela egin aurkezpena erakunde ofizial baten egoitzan, Iñakik ez zukeelako aguantatuko, eta horregatik jarri behar dugu han, porruen eta azen nibelean".
Segurolaren nahiak izango liratekeenak kontuan izanda egingo dute segurola.eus atariaren aurkezpena, haren espirituarekiko leialak izanda. Baina garrantzitsuena: miresmenetik egingo dute, falta denarekiko maitasunez.