Atzo merkatariak eta artisauak plazan, eta azken horietako batzuk eta beste asko gaur Azoka Plazan. Artiekin elkartea, udalaren laguntzarekin, asteburuko bigarren azoka egiten ari da gaur Azpeitian. 11:00etatik 14:30era osatu dute lehen txanda, eta arratsaldean berriro jarriko dira salmahaien atzean sortzaileen Gabonetako azokan parte hartzen ari direnak, 16:30etik 19:00etara.
Hogei postu jarri dituzte denera Azoka Plazan herriko zein inguruetako sortzaileek eta artisauek. Atzoko azokan bezala, zabala da gaurkoan ere eskaintza: arropa, zeramika, eskulanak, osagarriak, bitxiak, kosmetika, dekorazioa, ogia, gozoak, garagardoa... askotariko produktuak ezagutzeko edota erosteko aukera dute herritarrek gaur Azoka Plazan.