Bihar irekiko du Kulturazek 2026ko sormen egonaldietarako deialdia

Mailo Oiarzabal 2025eko abenduaren 14a

Maria Alonso eta Oihana Arana, 'HJZ edo akabatu egin zaitugu?' sorrmen egonaldian. (Kulturaz)

Eskaintza moldatu, eta bi aukera jarri ditu mahai gainean kultur kooperatibak: egonaldi luzea eta sinplea. Urtarrilaren 15era arte eman ahalko dute izena beren proiektuak ontzeko Dinamoan egonaldia egin nahi duten sortzaileek.

2026rako sormen egonaldien deialdia prest dauka Kulturaz kultur kooperatibak. Hain zuzen ere, bihar, abenduaren 15ean ireki eta hilabetez martxan izango du izen ematea, datorren urtarrilaren 15era arte.

Beren proiektuak ontzeko Dinamoa sormen gunean egonaldia egin nahi duten edozein diziplinatako sortzaileei zuzendutako deialdiak berrikuntzak dakarzki. Izan ere, eskaintza moldatu eta soildu, eta bi aukera jarri ditu mahai gainean kultur kooperatibak: egonaldi luzea eta sinplea. Aurreko deialdietan, hiru egonaldi mota jartzen zituzten aukeran: Harri –egonaldi osoa–, Orri –egonaldi sinplea edo malgua– eta Ar –antzerki sormen egonaldia–. Beraz, antzerkigintzara soilik eskainitakoa kendu dute 2026rako.

Egonaldi luzearena "esku artean sormen proiektu bat duen sortzaile orori" zuzendutako deialdia da: "Edozein arte-diziplinatara irekia, bakarka zein kolektiboan asmo bati sormen prozesu sakon bat eskaini nahi dioenarentzat. Prozesuaren edozein fasetan egonik ere, proiektuari denbora eta arreta zaindua eskaini nahi dioten horiei baliabideak ematea da". Egonaldi sinplea, berriz, "modu errazean sormen proiektu bati denbora, lekua eta baliabideak eskaini asmoz egonaldi malgu bat egin nahi" dutenentzako abagunea da, norbanakoentzako zein kolektiboentzako, edozein arte diziplinarentzako eta proiektuaren edozein fasetarako, hori ere

Eskaintza moldatu bai, baina sormen egonaldien oinarriei bere horretan eutsi baitie Kulturazek: "Sormen prozesuaren edozein fasetan egonik ere, baliabideak eskaini eta bidea egiten laguntzea da gure helburua".

Epeak eta oinarriak

Bihartik martxan izango den deialdia 2026ko lehen seihilekora bideratuta egongo da. Urtarrilaren 22an emango du Kulturazek deialdiaren ebazpena, eta egonaldiak 2026ko otsailaren hasieratik uztailaren amaiera bitartean gauzatuko dituzte.

Dinamoan sormen egonaldia egin asmo dutenek deialdiaren oinarrietan dute informazio osoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide