Santa Luzia eguna ospatzen ari dira gaur Elosiagan. Goizean, baselizan abenduaren 13an urtero egin ohi duten meza izan dute lehen hitzordua. Ondoren, hamaiketakoa eman diete auzotarrei Añota sagardotegian. Sabela goxatuta, herri kirol erakustaldia ikustera irten dira sagardotegiko atarira: Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a aritu dira aizkoran, eta Estefi Etxebeste eta Ainize Zumeta harria jasotzen. Kirolarien saioa bukatuta, hamaiketakotik ez oso aparte, bazkaria egin dute Añotan bertan. Itzeder eta Lidia trikitilariek jarri diote musika eguerdi parteko festari.
Zapatua izanik, gauean jarraituko dute Santa Luzia eguna ospatzen Elosiagan. Bertso afaria egingo dute Añotan Nerea Ibarzabalekin eta Andoni Egañarekin; eta, ondoren, erromeria, Izer eta Alabier trikitilariekin.