Bertan merkatarien elkarteak eta Artiekin artisauen elkarteak antolatutako Gabonetako azokaren bigarren aldia egiten ari dira goizetik herriko plazan.
Iazko estreinako edizioa Done Jakue kalean egin zuten, eta aurten plaza hartu dute azokan postuak jarri dituzten herriko saltokiek zein artisauek; Elkar-ekinek ere jarri du postua. Hain zuzen ere, hogei dira guztira beren salmahaiak azokan jarri dituztenak. Jantziak, bitxiak, osagarriak, elikagaiak, kosmetika, liburuak, etxerako tresnak... produktu aukera zabala jarri dute aukeran Gabon azokan; jan-edana ere ez da falta izan eguerdi partean, eta umeek Izan Moxal marrazki txokoan aritzeko parada ere izan dute.
Goizean edota eguerdian plazara joateko modurik izan ez dutenek arratsaldez ere izango dute Gabonetako azokaren eskaintzaz gozatzeko aukera, 20:00ak arte jarraituko baitu egitasmoak.