Datorren astean estreinatuko dute 'Euskaldunak etxean arrotz' dokumentala

Ane Olaizola 2025eko abenduaren 13a

Zaparraie euskara taldeak Kulturaz kultur kooperatibaren laguntzarekin sortu duen ikus-entzunezko lanak euskaldunek jasan izan dituzten eta jasaten dituzten zapalkuntzak islatzen ditu. Aurrena, ikasleentzako emanaldia eskainiko dute, eta hilaren 20an, saio irekia izango da herritar guztientzat. 

Zaparraie euskara taldeak, Kulturaz kultur kooperatibaren laguntzarekin, Euskaldunak etxean arrotz dokumentala sortu du, eta datorren astean ikusiko du argia ikus-entzunezko lanak. Lehenengo, ikasleei zuzendutako emanaldia eskainiko dute. Hilaren 17an izango da hori, eta herriko hiru ikastetxeetako 230 ikasle inguruk ikusiko dute. Hilaren 20an, berriz, edonork izango du dokumentala ikusteko aukera, 17:00etan, Soreasu antzokian. 

Euskaldunek, "euskaldun izate hutsagatik", jasan izan dituzten eta jasaten dituzten zapalkuntzak islatu nahi ditu datorren astean estreinatuko duten dokumentalak. Irati Urdalleta kazetariaren eskutik, hainbat herritarren bizipenak jaso dituzte lana gauzatzeko: "Bi pertsonak garai batean eskolan jasan izan zutena kontatu digute; Euskaldunon Egunkaria-ko langile ohi batek, haren itxiera eta bere atxiloketa; ikastolako lehen irakasle eta ikasleek, garaiko egoera eta ikastolaren sorrera; eta beste bi pertsonak, egun Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian bizi den egoera", adierazi dute.

Dena den, zapalkuntzak kontatzeaz harago, Euskal Herrian "gazteleraren inposaketari" aurre egiteko sortu diren proiektuak ere jorratu dituzte lan horretan, hala nola ikastolak eta Berria egunkaria. Era berean, euskaldun izatearen kontzientziaz jabetzeko diskurtsoa ere zabaldu dutela azaldu dute sortzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide