Abiatu dute 'Gernika' egurrean egiteko hamabi urteko lana

Nerea Uranga eta Mailo OIarzabal 2025eko abenduaren 12a

Egurnika proiektuaren jendaurreko aurkezpena, atzo, Sanagustin kulturgunean. (Mailo Oiarzabal)

Gaztaina egurrean eta tamaina errealean Gernika margolanaren irudikapena sortuko dute taillatuta Azpeitiko Arte eta Diseinu Ikastegikoek 2037rako. Atzo aurkeztu zuten egitasmoa jendaurrean.

Orain hasi eta hamabi urte barru amaituta izango den proiektua da Egurnika. Tamaina errealean, egurrean eta taillatuta egin nahi dute Pablo Picassoren Gernika obraren errepresentazioa 2037ko apirilerako, Gernikako bonbardaketaren mendeurrenerako. Azpeitiko Arte eta Diseinu Ikastegiko tailla eskolakoak dira egitasmoa abiatu dutenak, eta atzo arratsaldean aurkeztu zuten beren asmoa jendaurrean, Sanagustin kulturgunean. Gertukoen, erakundeen eta herritarren babesa izan zuten egitasmoaren sustatzaileek, ikusmina piztu baitute aurkezpenak zein egitasmoak berak.

Xabier Euzkitzek gidatu zuen atzoko ekitaldia, eta Egurnikaren bozeramaileei eman zien hitza hark, proiektuaren xehetasunak azal zitzaten; egurrezko Gernika zizelkatuko duten kideak atzean zituztela hitz egin zuten haiek. Egitasmoa gauzatzen lagunduko duten babesleei oroigarri bana eman zieten amaieran, eta Euzkitzeren bertso batekin eta trikitilarien doinuekin borobildu zuten ekitaldia. Aurkezpenaren aurretik zein ondoren, Egurnika egitasmoa gauzatzen laguntzeko eta proiektuaren zabalkunderako atera dituzten elastikoak-eta erosteko aukera izan zuten Sanagustinera joan zirenek.

Hona hemen, aurkezpen ekitaldiko argazki batzuk:

Sanjuandarren ametsa

1937ko maiatzaren eta ekainaren artean egin zuen Picassok Gernika margolana, Parisko erakusketa unibertsalarentzat. 3,49 metro altu eta 7,77 metro zabal da obra zuri-beltza, eta tamaina horretan sortuko dute Azpeitiko tailugileek egurrezko errepresentazioa. Lan hori egiteko, baina, toki handia behar da, eta orain dela urtebete udal ordezkariei azaldu zieten Arte eta Diseinu Ikastegikoek beren proiektua. Udalak zezen plazaren aldamen batean utzi die tokia. Orain, lokal hori lanerako egokitu nahi dute: margotuta, zizelkatzeko mahaiak muntatuta eta abar.

Baina nondik sortu zaie Arte eta Diseinu Ikastegikoei Egurnika proiektua egiteko asmoa? Manolo Sanjuan zenaren eta haren seme Mikel Sanjuanen gogoa du oinarrian Egurnikak. "Aita jubilazioa hartzekotan zela, beti esaten zidan bion artean Gernika obraren errepresentazio bat egin behar genuela taillan, eta tamaina errealean ez bazen, gutxienez tamaina erdian sortuko genuela. Horretarako denbora asko behar zen, eta soldata ateratzeko bestelako lanak ere egin behar genituen", azaldu du Mikel Sanjuan Arte eta Diseinu Ikastegiko tailla irakasleak. Asmoa asmo gelditu zitzaien Sanjuan aita-semeei, baina semeak behin baino gehiagotan azaldu zien nahi hura tailla eskolako ikasleei. Orain, taldean heldu diote Egurnika proiektuari, eta pozik dago irakaslea. "Proiektuan gaur egungo taillako ikasleek eta ikasle izandakoek parte hartuko dute. Jendea gogoz dago, eta ea dena ondo joaten den", gaineratu du tailugile azpeitiarrak.

Lanean hasteko gogoz

Artelan erraldoia sortzeko oholak eskatuta dituzte, eta noiz jasoko zain daude lanean hasteko. Obra gaztaina egurrarekin egingo dutela azaldu du Arkaitz Pie de Hierro Egurnika proiektuaren lantaldeko kideak: "Asturiastik [Espainia] ekarriko dugu egurra. Sei ohol handi ekarriko ditugu, sei puskatan egiteko. Era horretan, artelana desmuntatzeko aukera izango da, bestela inondik inora mugitzeko aukerarik ez delako izango". Gaztaina egurra izatea garrantzitsua da Sanjuanen esanetan, "egur noblea" delako. Horrez gain, gaztaina egurraren "kolorea" ere garrantzitsua da tailla lana sortzeko. "Kolorearekin jokatzeko egur egokia da gaztaina. Egur gogorra da: iraunkorra. Gainera, Asturiasko egurra oso ona da", nabarmendu du Sanjuanek.

Mikel Sanjuan, Arkaitz Pie de Hierro, Miriam Quintana eta Erik Jones, Arte eta Diseinu Ikastegiko tailla eskolan. (Nerea Uranga)

Behin lanerako tokia eta materiala izanda, lan egiteko prozesua antolatu beharko dute, "sei piezatako puzzlea" osatzeko. Sormen lanaren jarraipena eta gidaritza tailugileen talde txiki batek egingo du. "Beti egongo gara batzuk egiten ari garen lanaren gainean. Nola sortuko dugun lana planifikatuta daukagu, baina zehatz antolatu gabe dugu nola joango garen zezen plazako lokalera lanera. Denok elkarrengandik gertu ibiltzen gara, eta ikusiko dugu zer martxa hartzen joaten den lana. Eiten aroztegiak ere izena eman du proiektuan parte hartzeko, eta lagungarria izango da hori, batik bat egurrak ekarritakoan haiek garbitzen laguntzeko".

Egurnika proiektuan herritarrek parte hartzea ere nahi dute sustatzaileek. Horretarako, tailerrak, erakusketak, bisita gidatuak eta abar antolatu nahi dituzte. "Lana nola egiten ari garen erakutsi nahi dugu. Gainera, Azpeitian tailugile asko izan dira, eta haien argazkiak-eta jarri nahi ditugu erakusgai. Nolabait, herriko tailugileei aitortza egitea ere bada gure asmoa".

Hamabi urteko epea jarri dute lana bukatzeko, baina "lan asko" eskatzen duen proiektua da Egurnika, Sanjuanen arabera. Bukatutakoan, Gernikan (Bizkaia) erakustea ere nahi dute; hala dio Erik Jones lantaldeko kideak: "Urtebetez bada ere, han egon beharko luke".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide