Kirol taldeek nahiz herritarrek egindako proposamenak aztertuta, Azpeitiko Udalak jakinarazi du 2025eko Kirol Sarietarako hautagaiak zeintzuk diren. Aurten ere hiru sari banatuko ditu erakundeak: Urteko Kirolaria saria gizonetan eta emakumeetan nahiz Urteko Boluntarioa saria.
Gizonetan, Urteko Kirolaria saria jasotzeko hautagaiak dira Unai Marrero Realeko atezaina, Arauntza Riderseko mendi bizikleta taldea eta Gorka del Cid pilotua; emakumeetan, berriz, Maite Etxezarreta korrikalaria, Izarraitz igeri elkarteko absolutuetako nesken taldea eta Malen Astigarraga futbolaria.
Bi sari horiez gain, Urteko Boluntario saria ere banatuko du erakundeak, eta sari hori jasotzeko ere hiru hautagai izendatu dituzte: Ilunpe pilota elkarteko boluntarioak, Izarraitz igeri elkarteko Julen Esteban eta Lagun Onak futbol taldeko Jose Mari Perez.
Orain, herritarrek boto bidez erabaki beharko dute zeinek jasoko duen saria. Botoa emateko ontzi bana jarri dute kiroldegian eta igerilekuan, eta Internet bidez ere eman daiteke boza, honako lotura honetan. Asteleheneko 14:00etara bitartean izango da botoa emateko aukera.
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 19an, ostiralez, egingo dute, 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean.
Hona hemen hautagaien zerrenda, udalak egindako zehaztepenekin:
Urteko Kirolaria saria (gizona)
- Unai Marrero. Realeko atezainak 2023an egin zuen debuta Espainiako Lehen Mailan, eta talde nagusiko fitxa du 2024aren hasieratik. Euskal Herriko selekzioarekin ere egin du debuta aurten; 2025eko azaroaren 15ean Palestinaren aurka jokatu zuen San Mamesen.
- Arauntza Riderseko mendiko bizikleta taldea. Irristaketa eta mendiko bizikleta sustatzeko eta ikusarazteko borondatezko lan handia egiteaz gain (ibilbideak prestatu, YK Riders festa antolatu...), taldea indartsu atera da hango eta hemengo enduro lasterketetan, eta emaitza onak eskuratu dituzte Arauntza Riderseko kideek.
- Gorka del Cid: Emaitza bikainak lortu ditu gidariak. Euskadiko lur gaineko rally txapelketan junior mailako txapelduna izan da, baita Euskadiko lur gaineko txapelketan lehen mailan ere. Halaber, RAC Vasco-Navarro txapelketan txapeldun izan da junior mailan, eta sailkapen orokorrean, berriz, bigarren.
Urteko Kirolaria saria (emakumea)
- Maite Etxezarreta. Mendian nahiz asfalto gainean, primeran moldatzen da. Olazagutia-Urbasa mendi lasterketa irabazi du, Etxarri-Aranazko Triku Trail mendi lasterketa ere bai, eta Donostiako hamar kilometroko lasterketan bigarren egin zuen.
- Izarraitz igeri elkarteko absoluntu nesken taldea. Inge Kabue, Janis Altuna, June Amenabar, Malen Ezama, Aroa Azkune, June Larrañaga, Oihana Otaegi, Ana Agirrezabalaga, Laia Elortza eta Uxue Etxeberria dira talde horretako kideak. Bigarren urtez jarraian, Euskal Herriko Kopan mantetzea lortu dute; hau da, Hego Euskal Herriko zortzi talde onenen artean mantentzea, iaz 6. eta aurten 5. postua lortuta.
- Malen Astigarraga. Lagun Onak futbol taldeko kide izan da azken hamabi urteetan, eta aurreko denboraldian utzi zuen taldea.
Urteko Boluntarioa saria
- Ilunpe pilota elkarteko boluntarioak. Gaztetxoenetatik hasi eta helduen kategorietaraino, jende ugarik du herrian pilotan jokatzeko aukera, eta maila profesionaleko partidak ere antolatzen ditu taldeak, pilotazaleen gozamenerako. Urtez urte elkarteko boluntarioek egiten duten lanagatik da posible hori.
- Julen Esteban. Azken hamarkadan Izarraitz igeri elkarteko zuzendaritzako kide izan da, eta bere gain hartu ditu hainbat lan eta ardura, jarrera eredugarriarekin hartu ere.
- Jose Maria Perez. 15 urte daramatza Lagun Onak futbol taldeko gizonezkoen Hirugarren Mailako taldearen delegatu lanak egiten.