Pop-rockaren askotariko aldaerak zuzenean entzuteko aukera izango da zapatu gauean (21:30) Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Kontzertu hirukoitza antolatu du Kulturaz kooperatibak abenduaren 13rako, Indabe, Miniño eta Slide taldeekin. Sarrerak erosi nahi dituenak kulturaz.eus webgunean eskura ditzake.
Aitzol Hidalgo (Azpeitia, 2002) da Slide taldeko gitarrista. Agur EP labetik atera berria aurkezteko hirugarren kontzertua izango da etzikoa Slidekoentzat, orain arte zapaldu duten agertoki handienean eta Hidalgoren etxean. Aurreko biak ere etxean eman dituzte; Ermua (Bizkaia) eta Eibar (Gipuzkoa) arteko taldea da Slide, eta bi herri horietan kontzertu bana eman ondoren iritsiko da taldea Azpeitira. Zapatukoa "berezia" izango dela aitortu du azpeitiarrak, taldearentzat eta, nola ez, beretzat.
Bakardadea hari
2019an jaio zen Slide, eta urri hasieran plazaratu zuten Agur taldearen bigarren diskoa da. 2023an kaleratu zuten lehendabizikoa, Cowtion!. Bi diskoen artean, hirukote izatetik bikote izatera, eta bikote izatetik laukote izatera igaro da Slide; azken formazio horrekin iritsi da taldera Hidalgo. Josu Cascan bateria jotzailea lehendik ezagutzen zuen, Julen Leturiondorekin lanean egin zuten topo berriro –Cascan bateria jotzaile eta Hidalgo teknikari–, eta Cascanen bidez ezagutu zuen azpeitiarrak Egoitz San Martin gitarrista eta abeslaria. Bikote formatuan, Eibarko Udalak antolatutako Izengabeak lehiaketaren bigarren saria irabazi zuen Slidek. Hain zuzen ere, sari horren diruarekin grabatu dute bigarren diskoa, eta Hidalgo eta Aitor Castillo baxu jotzailea proiektura batuta, ibilbide berriari ekin zion Slide taldeak duela urte eta erdi.
Agur disko "kontzeptuala" da, Hidalgoren esanetan. "Bakardadearen sentimendua esploratzen" dute diskoko sei kantuetatik bostek; "doluaren bost faseak" irudikatu dituzte, nolabait, kantu horietan. Rock alternatiboaren etiketapean kokatu du azpeitiarrak Slide. Disko berriko musika "entsegu lokalean eta denen artean" sortu dute; hitzak, berriz, San Martinenak dira ia osorik. Kolaborazioak ere izan dituzte kantu batzuetan: Habi taldeko Yeray Belerena eta Ezpalak taldeko Juanjo Berasainena, hain zuzen. Plataforma guztietan entzungai jarri dute Agur, baina formatu fisikoan ere eska daiteke, taldearen Instagram kontuaren bidez.
Musika ogibide
Zaletasuna ogibide bilakatu du Hidalgok. Bere kasa hasi zen gitarra jotzen, baina 15 urterekin Soriako (Espainia) Rock Camp udalekura joaten hasi zenean beste dimentsio bat hartu zuen azpeitiarraren musika jarduerak. "Zure zaletasun bera duen jendea ezagutzen duzu, harremanak egiten dituzu eta goi mailako musikariekin ikasteko aukera izaten duzu; duela gutxira arte Amaiaren pianista izan denak ematen zituen harmoniako klaseak, adibidez", kontatu du. Soriako udalekuarekin lotuta jarraitzen du azpeitiarrak; orain, begirale gisa joaten da hara udan.
Lanbidez soinu teknikaria da. Andoainen (Gipuzkoa) egin zuen Ikus-entzunezkoetarako eta Ikuskizunetarako Soinua goi mailako zikloa, eta han irakasle izan zuen Estanis Elorzaren Doctor Master estudioan hasi zen soinu ekoizle eta teknikari lanetan ikasketak amaitu bezain pronto. Estudioan egiten duen lanaz gain –Slidek han grabatu du Agur, esaterako–, artista ugariren zuzenekoetan ere aritzen da lanean Hidalgo. Talde handi ugarirekin aritzeko "zortea" izan du –ETS, Bulego, Zea Mays...–; Trini Fox taldearen zein Esti Markezen zuzenekoetako teknikaria ere bada azpeitiarra, eta Janus Lesterren ordezko teknikaria ere bai. "Ez naiz aspertzen, ez".
Kontzertuetan-eta badu, beraz, esperientzia, baina ez hainbeste oholtza gainean. Kezkak izeneko talde batean aritu zen duela urte batzuk, "DBH bukaera inguru horretan", baina ibilbide luzerik ez zuen izan metal musika jorratzen zuen proiektu horrek. "Bolo gutxi egin genituen, bi edo hiru izan zirela uste dut. Akordatzen naiz Orkatzen jo genuela, Azkoitiko txosnetan ere bai...". Slide taldearekin, estudioan ez ezik musikari gisa eta agertokietan ere esperientzia pilatzeko gogotsu dago Hidalgo. Agur-ekin kaixo esango baitu etzi Slidek Sanagustinen.