Astelehenean, hilak 15, 18:00etan zabalduko du Kulturaz kooperatibak 2026ko Kultur Bonua erosteko aukera, kulturaz.eus webgunean. 120 euroko kostua izango du bonuak, baina ikasleek, langabetuek, pentsiodunek eta familia ugariek 80 eurotan eskuratu dezakete, betiere deskontua izateko beharrezko dokumentazioa aurkezten badute.
Kulturaz kooperatibak jakinarazi duenez, bonu kopurua mugatua izango da, eta gutxienez 16 urte dituztenek eskuratu ahal izango dituzte. Halaber, argitu du Kultur Bonu orokorra transferigarria izango dela; bonu deskontuduna, ordea, ez.
Iaz bezala, 2026ko bonua digitala izango da, eta Kulturaz app-aren bidez erabili ahal izango da. Aplikazio horretan, Kultur Bonoaren kodea jasoko dute bonudunek, eta horien erabilera jarraitu ahal izango dute.
2013. urtetik dago Kultur Bonua martxan, eta datorren urtean hamahirugarren urtea beteko du. Kulturazek adierazi duenez, bonuak "oso harrera ona" izan du urtero herritarren artean. "Kultur Bonua izan da herritarrei kultura eskura jartzeko eta kultur komunitatea indartzeko tresnetako bat. Azken urteotan kulturazale berriak sortzeko estrategiak diseinatzen dihardugu; kulturak etorkizunik izango badu ezinbestekoa da dugun ikusleak indartzea eta belaunaldi berriak erakartzea", adierazi du Kulturazek.
Hamar sarrera ekitaldi bakoitzeko
Sanagustin kulturgunean, Soreasu antzokian edota Dinamoa sormen gunean Kulturaz kooperatibak antolatutako sarreradun ekitaldiez doan gozatzeko aukera izango dute Kultur Bonua eskuratuko duten herritarrek. Honako sarrerak izango dituzte eskuragai bonudunek. Orotara, hamarna sarrera izango dituzte kontzertuetarako, film emanaldietarako, antzerkietarako, bakarrizketetarako, dantza ekitaldietarako eta haurren ikuskizunetarako. Gainera, deskontuak izango dituzte zenbait ikastaroetan parte hartzeko.
Kultur Bonu bakoitzarekin ekitaldi bakoitzerako gehienez bi sarrera hartu ahal izango dira, eta ekitaldi guztietarako sarrerak aurrez hartu beharko dira kulturaz.eus atarian. Azpeitiko kultur kooperatibak ziurtatu duenez, "diziplina askotako ekitaldi ugariz osatutako urte oparoa izango da 2026a".
Kultura, herritarren eskura
Kulturaz kooperatibak 2013an abiatu zuen Kultur Bonuak saltzeko ekimena, eta baieztatu du urtero "harrera ona" izan ohi duela herritarren artean. Kooperatibaren hitzetan, herritarrei "kultura eskura jartzeko" nahiz "kultur komunitatea indartzeko" baliagarriak dira bonuak: "Kulturak etorkizunik izango badu ezinbestekoa da dugun ikuslegoa indartu eta belaunaldi berriak erakartzea".