Ikasle Antolakunde Sozialistak (lehen Ikasle Abertzaleak) ospatu berri duen VIII. Kongresuan hartutako erabakiak plazaratzeko nahiz Azpeitiko herritarrak antolakundera batzeko jardunaldia prestatu du zapaturako. Gaztetxearen bueltan egingo dituzte ekintza gehienak, eta kontzertuekin amaituko dute Batu Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialistara! lelopean prestatu duten egitaraua.
IAS erakundearen proposamen berritua aurkezteko hitzaldiarekin abiatuko dute ekintza sorta, 16:30ean gaztetxean. Solasaldian, antolakundeak identifikatzen dituen erronkak eta horiei aurre egiteko asmoz jarraituko duen bideorria azalduko dituzte. Hitzaldia amaitutakoan, Gaiztakeri tailerra egingo dute.
Azalpenak emateko espazioa irekitzeaz gain, elkargune izateko helburua ere badu zapatuko jardunaldiak. Ildo horretatik, esku pilota partidak jokatuko dituzte 18:00etan Frontoi Txikin, eta gero, 20:30ak aldera, pizza poteora bueltatuko dira gaztetxera.
Gauean, 21:00etatik aurrera, Checkboyz, MD Moha eta DJ Sane taldeek kontzertuak eskainiko dituzte. Emanaldi horiek ordainpekoak izango dira; landunek 5 euro ordaindu beharko dute, eta langabeek nahiz ikasleek, 3.