Ansa II.ak eta Eskuderok irabazi dute Azpeitiko 24. Erremonte Txapelketa

Nerea Uranga 2025eko abenduaren 7a

Bi igandetan jokatu dituzte txapelketako neurketak Oriamendi 2010 enpresako erremontistek; guztira, zortzi erremontistak parte hartu dute. Gaurko jaialdian, finalaz gainera, beste partida bat ere jokatu dute Izarraitz pilotalekuan.

Gaur erabaki da Azpeitiko Erremonte Txapelketaren 24. aldiko txapela Ansa II.arena eta Eskuderorena izango dela. Eguerdian jokatu da erremonteko jaialdia Izarraitz pilotalekuan, eta Ansa II.ak eta Eskuderok 2 eta 1 irabazi die Goikoetxea V.ari eta Juaneneari. Bikote irabazleak 13-15-8 emaitzak egin ditu, eta txapeldunorde izan den bikoteak 15-14-5.

Final handia izan da gaur Izarraitzen jokatu dutena, parekatua eta pilotakada askokoa.

Jaialdia osatzeko, finalaren aurretik erremonteko beste partida bat jokatu da, eta aurreneko neurketa hau Jabalerak eta Azpizorek (15-8-8) irabazi dute Aldaberen eta Larrañagaren (14-15-5) aurka.

Izarraitz pilotalekuko harmailetan 150 lagun inguru bildu dira finala ikusteko.

Berrikuntzekin jokatu da aurtengo Azpeitiko erremonte txapelketa. Bi jaialditan erabaki dira txapeldunak: azaroaren 30ean jokatu ziren finalaurrekoak eta gaur finalak. Bestalde, ordutegi aldaketa ere izan da aurtengoan, bi jaialdiak igandez eta eguerdian, 12:00etan hasita, jokatu baitira.

(Argazkiak: Maialen Andres/Oriamendi2010)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide