Aste gutxi falta dira Gabonak iristeko, eta udaleko Gazteria sailak prest du haurrentzako eta gazteentzako ekintzen egitaraua. Ludoteketan eta Gaztelekuan antolatu dituzte ekintzak abenduaren 22rako, 23rako eta 26rako, eta dagoeneko eman daiteke horietan parte hartzeko izena. Gainera, azken urteetako gisan, Urrestillan ere egingo dituzte ekintzak.
Batetik, 5 eta 12 urteko herritarrei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte. Abenduaren 23an, HH 5. mailatik LH 2. mailara arteko umeak Tximi Parkera eta LH 3. mailatik LH 6. mailara artekoak Bizkaia Park Abenturara joango dira; egun pasa egingo dute bi parkeetan. Beste bi egunetan –abenduaren 22an eta 26an–, berriz, goizez egingo dituzte ekintzak; askotariko jolasak egingo dituzte.
Abenduaren 13a izango da izena emateko azken eguna, eta izen-ematea on line egitea lehenetsiko dute, honako lotura honen bidez. Dena den, Gazte Informazio Bulegoan ere gauzatu ahal izango da izen-ematea. Hiru egunetako ekintzen ordaina hamabost eurokoa izango da.
Bestetik, 12 eta 18 urteko herritarrentzako ekintzak prestatu dituzte Gaztelekuan. Hilaren 23an Txuri Urdin izotz jauregira joango dira; goiz irteera izango da, 09:30etik 14:30era bitartekoa. Beste bi egunetan, berriz, ekintza bana egingo dute: abenduaren 22an zinema emanaldiaz gozatu ahal izango dute 16:30etik 18:30era; hilaren 26an, aldiz, poltsa tailerra egingo dute 10:00etatik 12:30era. Bi ekintza horiek nerabeekin adostu dituzte hezitzaileek.
Txuri Urdineko irteera hamabost euro ordaindu beharko dute, eta gainerakoak, berriz, doakoak izango dira. Abenduaren 13ra arteko epea izango da izotz pistara joateko izena emateko, eta beste bi hitzorduetarako izena, berriz, hilaren 20ra bitartean eman ahal izango da; iena emateko lotura honako hau da.