Hirugarren Mailara lehen aldiz igo zirenetik 50 urtera, omenaldia

Aitziber Arzallus 2025eko abenduaren 3a

Duela 50 urte taldeko jokalariak izan zirenak. Joan den larunbatean atera zuten argazkia, Garmendipen. (Lagun Onak)

Lagun Onaken gizonen talde nagusiak Aretxabaletaren kontra jokatuko du larunbatean, 17:30ean, Garmendipen. Partidaren aurretik, omenaldia egingo diete duela mende erdi taldea lehen aldiz Espainiako Hirugarren Mailara igo zuten jokalariei. Taldearen zuzendaritzak Garmendipera azaltzeko deia egin die herritarrei.

Mende erdia beteko da Lagun Onaken gizonen lehen taldea lehen aldiz Espainiako Hirugarren Mailara igo zenetik. Hori dela eta, larunbat arratsaldean omenaldia egingo diete talde hartako jokalariak izan zirenei. Ez dute horretarako edozein egun hautatu; zapatuan Lagun Onakek Aretxabaletaren kontra neurtuko ditu indarrak 17:30ean hasita Garmendipen, eta duela 50 urte, Hirugarren Mailara lehen aldiz igo zirenean, final aurreko partida Aretxabaletaren kontra jokatu zuten. Beraz, egun aproposa izan litekeela iritzita, larunbaterako antolatu dute omenaldia. 

Aitzakia horrekin, joan den larunbat goizean talde hartako kide izan zirenak Garmendipen elkartu ziren argazkia ateratzeko. Honakoak ageri dira argazki horretan: goian, ezkerretik eskuinera, Jose Ignacio Azpiazu, Jose Antonio  Odriozola, Patxi Bastida, Luxio Aizpuru, Jose M. Bereziartua, Juan Luis Segurola, Javier Odriozola eta Miguel Olaizola; eta behean, ezkerretik eskuinera, Martxial Elorza, Esteban Telleria, Iñaki Arrieta, Javier Larrañaga, Santi Custodio eta Javier Nazabal.

Ekitaldi polita izango dela eta, taldearen zuzendaritzak herritarrei dei egin die larunbatean Garmendipera azaltzeko. 

Duela 50 urte atera zuten argazkia, taldea Hirugarren Mailara igo zenean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide