Antzinako instrumentuekin sortzen, konposatzen eta jotzen duzu musika. Nolatan iritsi zitzaizun iraganerako bidaia hori abiatzeko gogoa?
Uste dut txikitatik izan dudala gogo hori. Galizia, eta berdin gertatzen da Euskadirekin, Amazonas kultural harrigarria da, tradizioa gugandik gertu bizi da oso era naturalean, hau da, ez dugu inolako artifiziorik egin behar tradizioa gure ondoan egon dadin. Galiziako musika tradizionala egiten duen talde batean hasi nintzen, eta baita musika banda batean ere; beraz, mundu akademikoa eta herrikoia uztartu izan ditut beti, harik eta karreraren azkenengo urtean, kontserbatorioan ikasten ari nintzela, ikerketa lanerako XVIII. mendeko tronpeta bat eraikitzea erabaki nuen arte. Uste dut momentu hartan gauzatu zela guztia; orduan hasi nintzen iraganeko giltzak eraikitzen, iraganeko ateak ireki ahal izateko.
Mundu osoko eta garai ezberdinetako berrehun instrumentu baino gehiago dituzu. Bilduma horretatik, zeintzuk dira geografikoki nahiz garaiari dagokienez urrunen soma daitezkeenak?
Tira, nire bandera-ontzia karnyxa da, tronpeta zelta. Ikusgarria da bistara, eta egiten duen soinua entzun orduko, instrumentu hori bi edo hiru nota jotzeko sortu zenaren dudak uxatzen dira. Zaila da jotzeko, baina baliabide asko ditu. Badut beste musika tresna kurioso bat, nirea ez den bakarra: adar bat da, zuloduna, eta nire herritik, Sarriatik, bost kilometro eskasera aurkitu zuen gizon batek, Carlos Tallonek. Nolabait esateko, instrumentuak aurkitu ninduen ni, zeren, tradizio galaikoaren katebegi galdu bat da, eta kasik ausaz iritsi zen nigana. Beste tresna bat esatearren, erreproduzitu berri dudan instrumentu bat daukat, aulos izenekoa. Oboe bikoitz bat da, Olinpiar Jokoetan jotzen zuten eta Greziako kultura klasikoko instrumentu irudiztatutakoena da; ez da harritzekoa, soinu hipnotikoa baitauka.

Urruntasuna subjektiboa da: txalaparta edo Galiziako adarra ezezagunak izango dira munduko bizilagun gehienentzat. Gertukoa balioesteko egiten duzu apustu?
Kontsumismo basatiak gidatzen duen eta, hitzaren zentzu txarrenean, globalizatuta dagoen mundu honetan, denok berdin marraztu nahi gaituzte, eta egin dezakegun iraultzarik handiena da gure buruekiko eta gertu dugun horrekiko fidel mantentzea. Zeren, batzuetan, formula estatubatuarrak-eta kopiatzeko tentazioa izaten dugu, baina egiaz, superprodukzio batek zugana jotzen duenean, eta niri gertatu zait hori, bilatzen duena da eman dezakezun alde autentikoa. Beraz, tradizioak balio du ikuspuntu komertzialetik begiratuta ere, amorru puntu bat ematen didan arren. Baina uste dut gurea zaintzea inposatu nahi diguten mundu zapal honen kontra errebelatzeko modu bat dela.
Zein izaten da desagertuta dagoen musika tresna bat zure eskuekin berreskuratzeko abiapuntua?
Lehenbizi, jakin behar dut ba ote dagoen ale bat osorik. Baldin badago, hori neurtu eta antzinako teknikekin berregiten dut, ahalik eta makina gutxien erabiltzen saiatuz; nire eskuek eramaten naute helburura. Gero, jotzen ikasi behar dut; hori etsigarria izan daiteke batzuetan, zeren ez zait batere gustatzen instrumentuak aldatzea, nahiago dut nire teknika aldatzea haiek entzuten zituen horrengana ahalik eta gehien gerturatzeko. Zeren, nik ez dut iraganeko musika egiten, musika egiten dut iraganeko instrumentuekin. Nire iritziz, jendeak duela 2.000 edo 3.000 urte egiten zuen hori errepikatzea da errealena: instrumentu bati putz egin eta publikoa emozionatuko duen soinu-diskurtso bat eskaintzea.
"Niri, instrumentu hauek harrotasuna eragiten didate, hain zuzen, ez direlako nireak, gizadiarenak direlako, eta denona den zerbait berreskuratzea gogobetegarria da"
Horrelako musika tresna bat eraikitzen bukatzen duzunean... bigarrenez "eureka!" oihu egitea bezala da?
Azkenaldian hori gertatzen zait, baina, adibidez, karnyxa bukatu nuenean, ertz batean gorde nuen eta ez nion kasu handiegirik egin. Gauza asko izaten ditut buruan, eta asko kostatzen zait zerbaitek izan dezakeen indarra neurtzea. Aulos-a berregin nuenean, emanaldietan erridikulua egitearen poderioz ikasi nuen jotzen, hasieran ez bainuen instrumentua erabat menperatzen, baina helburuak lortzeko pasatu behar den bidesaria da hori, hau da, soinua era duin batean ikusleari eskaintzeko.
Duela 3.000 urteko musika tresna baten soinua erabat berria izango da gaur egungo entzulearentzat.
Niretzat, instrumentu hauek jotzeak musikari gisa bueltatzen didan saririk handiena da auditorioan sortzen den isiltasuna. Jendea ari da entzuten inoiz entzun ez duen zerbait, eta antzinakoa den arren, berria dirudi. Instrumentu hauek ez daukate estresik inperfekzioak dituztelako, eta horregatik, gizakiok garen horretatik gertuago daude. Eta eszenatokira grabatutako musika-oinarriekin igotzen diren artistek agintzen duten mundu honek uste dut baduela gure azala den bezala erakusteko erresistentzia txiki bat. Niri, instrumentu hauek harrotasuna eragiten didate, hain zuzen, ez direlako nireak, gizadiarenak direlako, eta denona den zerbait berreskuratzea gogobetegarria da.
Ahaztutako soinuak duela bi urte estreinatu zenuten Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa), eta abenduaren 14an ekarriko duzue Soreasura. Berriz elkartzeko gogoak sortu du bigarren funtzioa?
Duela bi urte hainbat lagun ezagutzeko aukera izan nuen, Agus [Barandiaran] eta Eñaut [Elorrieta] besteak beste, eta haien musika Oiasso Kamerata orkestrara doitzeko ahalegina egin genuen. Bestalde, beti magikoak diren Oreka TXkoekin lan egitea, niretzat, beste dimentsio batera sartzea bezala da; txalapartaren soinua hain da telurikoa, ezen ni neu emozionatu egiten bainaiz eszenatokian. Duela bi urte sortu ziren sinergiak oso politak izan ziren maila artistikoan nahiz pertsonalean, eta errepikatzea erabaki genuen. Proiektu polita da. Tradizio galegoari eta euskaldunari egiten diegu keinu, baina musika sinfoniko asko ere egongo da.
Zer eragin nahiko zenuke entzuleengan Azpeitiko emanaldiarekin?
Niretzat, Euskadin jotzea oso berezia da; jendeak musika estimatzen duela sentitzea pozgarria da. Baina sentitzen dudanari buruz ari naiz hitz egiten... Eszenatokian sentitzen dudanaren erdia jasoko balute ikusleek, ezin gusturago egongo nintzateke.