Gabonetako apaingarrien eta gosari osasuntsuen inguruko jardunaldi bana antolatu dute Ekoetxean

Nerea Uranga 2025eko azaroaren 28a

Yogurta. (Ekoetxea)

Abenduaren 6an eta 7an izango dira jarduerak Ekoetxean. Doakoak izango dira saioak, baina aurrez izena ematea derrigorrezkoa da, plazak mugatuak direlako.

Azpeitiko Ekoetxean abenduaren 6rako eta 7rako bi jarduera antolatu dituzte. Batetik, gosari osasuntsuei buruzko saioa egingo dute, eta bestetik, Gabonetako apaingarriei buruzko tailerra. Biak doan izango dira, baina aldez aurretik izena eman beharra dago, partaide kopurua mugatua delako.

Abenduaren 6an, larunbatean, Lurzoru osasuntsuak, gosari osasuntsuak izenburudun tailerra egingo dute Aitziber Aizpuru Elikuko dietista-nutrizionistarekin. Jarduera horrekin Lurzoruaren Munduko Eguna ospatuko dute Ekoetxean, Lurzoru osasungarriak hiri osasungarriak lelo hartuta. Azpeitiko Ekoetxean kozinatuz eta dastatuz egingo dute saioa, elikagaiez hainbat kontu ikasteko. Bi orduko saioa izango da, 10:30etik 12:30era artekoa, eta Ekoetxean bertan egingo dute. Aurrez izena emateko lotura honako hau da.

Abenduaren 7an, igandean, Gabonetako apaingarri jasangarrien inguruko jarduera egingo dute. Ingurumena zainduz sormena landuko dute parte hartzaileek; izan ere, etxerako apaingarriak egingo dituzte. Arte eta diseinu eskolakoen eskutik, naturak apaintzeko aukera paregabeak oparitzen dituela ikusiko dute tailerreko parte hartzaileek: "Basoa gogorarazten duten testurak, neguko koloreak eta sustraiekin lotura duten usainak baliatuko dituzte". Bi orduko saioa izango da: 10:30etik 12:30era egingo dute, Ekoetxean. Izena emateko lotura honako hau da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide