Iagomagoren ikuskizuna eta gaztaina jana izango dituzte zapatuan Urrestillan

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 25a

Zimitorioan herritarrak ilara luzean, iaz, gaztaina erreak jasotzeko zain. (Mailo Oiarzabal)

Frontoian egingo du emanaldia magoak, 18:00etan, eta hura bukatutakoan plazan izango da gaztaina erreak jateko aukera. 

Aurten ere ospatuko dute Gaztaina Erre Eguna Urrestillan. Datorren zapatuan, azaroaren 29an, izango da aurtengoa eta, aurrekoetan bezala, "familia osoarentzako" ikuskizun batekin borobilduko dute gaztaina jana.

Iagomago izango da aurtengo ikuskizunaren protagonista. Txikuri pilotalekuan egingo du emanaldia mago azpeitiarrak, 18:00etan hasita. Magia ikuskizuna bukatzerako prest izango dituzte plazan –edo elizako zimitorioan, euria bada– tokian bertan danbolinetan erretako gaztainak, frontoian elkartutakoek zein gainerako herritarrek dasta ditzaten.

Magia ikuskizunerako sarrera debalde izango da, eta gaztainak ere borondatearen truke banatuko dituzte; nahi duenak, bere ekarpena egiteko aukera izango du, Urrestillako Festa Batzordearen alde jarriko dituzten kutxetan dirua utziz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide