Xabat Manzisidor, maratoian Euskadiko eta Gipuzkoako txapeldunorde

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 24a

Xabat Manzisidor (ezkerretik hasita aurrena), atzo, Donostiako podiumean. (Utzitakoa)

Donostiako Maratoiaren barruan jokatu zituzten bi txapelketak, atzo; azpeitiarra bederatzigarrena izan zen gizonen sailkapen nagusian (2.26.54). 10 kilometroko proban, berriz, bigarren sailkatu zen Maite Etxezarreta.

Atleta azpeitiarrek lan aipagarria egin zuten atzo Donostian. Gipuzkoako hiriburuko maratoia eta 10 kilometroko lasterketa jokatu zituzten, eta Xabat Manzisidor eta Maite Etxezarreta podiumera igo ziren.

Maite Arraiza donostiarrak (2.44.59) eta Thomas Hollidayk (2.22.34) irabazi zuten maratoia, baina proba horren barruan jokatu zituzten, era berean, Euskadiko eta Gipuzkoako maratoi txapelketak, eta bietan zilarrezko domina irabazi zuen Manzisidorrek. Jose Antonio Gomez de Arribak jantzi zituen bi txapelak: bosgarrena izan zen Irungoa  (2.24.41) sailkapen nagusian, eta bederatzigarren postuan helmugaratu zen azpeitiarra, 2 minutu eta 13 segundora (2.26.54).

Maratoiaz gain, 10 kilometroko lasterketa ere jokatu zuten atzo goizean Donostian, eta bigarren postuan sailkatu zen Maite Etxezarreta. Laurine Avinio frantziarrak bakarrik hartu zion aurrera azpeitiarri; 35 minutu eta 10 segundo behar izan zituen irabazleak hamar kilometroak osatzeko, eta 18 segundo gehiago, berriz, Etxezarretak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide