Bi asteburutan ospatuko dituzte saneloiak Landetan

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 24a

Hainbat lagun Landetan, iazko festetan.

Ostegunean hasiko dituzte jaiak, Mus Txapelketarekin, eta ostiralean bertso afaria nahiz zapatuan ekitaldi ugari izango dira auzoan. Astelehenean, San Eloi egunez, egingo dute auzo bazkaria. Abenduaren 6an, larunbatez, jarraituko dute festek, eta animaliak ere izango dira protagonista, horiekin egiten diren ekitaldiak debekatuta baitaude azaroaren 30era arte, behinik behin.

Ostegunean hasi eta abenduaren 6ra bitartean ospatuko dituzte aurtengo San Eloi festak Landeta auzoan. Ondorioz, bi asteburu hartuko dituzte aurtengo festek, eta askotariko ekintzak izango dira egun horietan.

Ostegunean XIII. Mus Txapelketa azkarrarekin ekingo diete jaiei; Mendizabal erretegian egingo dute topaketa 21:30ean hasita, baina ordubete lehenago zabalduko dute izena emateko epea. Ostiralean, berriz, bertso afaria izango da Mendizabalen, Andoni Egañarekin eta Aitor Mendiluzerekin. Otordurako txartelak erretegi horretan bertan erosi ahal izango dira.

Zapatuan segituko dute jaiek, egun beteko egitarauarekin. Besteak beste, herri kirol erakustaldia, triki-poteoa, auzo bazkaria eta txerri boda gauzatuko dituzte goizetik iluntzera bitartean. Astelehenean izango da jaietako egun handia, San Eloi eguna, eta asteguna izanagatik, auzo bazkariarekin ospatuko dute auzoko festen zaindariaren eguna: Bordatxo tabernan egingo dute arkume jana.

Festa egun bat gehiago izango dute, halaber, aurtengo jaiek: abenduaren 6rako, zapaturako, egun osoko egitaraua prestatu dute auzotarrek. Egun horretan animaliak ere izango dira protagonista, erakundeek jarritako debekua bertan behera gelditzen bada, behinik behin. Dermatosi nodularraren kutsatzeak saihesteko animaliekin egiten diren hainbat ekitaldi debekatu zituzten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak urrian, eta printzipioz, azaroaren 30era arte izango da neurri hori indarrean.

Landetako bizilagunek, debekua bertan behera geratuko den esperantzan, animaliekin egiten diren hainbat hitzordu antolatu dituzte. Besteren artean, animalien erakusketa, ponien gainean ibilaldiak nahiz sokamuturra egingo dituzte. Horrez gain, Iago Magoren erakustaldia nahiz bazkaria ere prestatu dituzte abenduaren 6rako.

Hona hemen Landetako festetako egitaraua:

Azaroaren 27a, osteguna

  • 21:30. XIII. Mus Txapelketa Azkarra, Mendizabal erretegian.

Azaroaren 28a, ostirala

  • 21:30. II. Bertso afaria, Andoni Egañarekin eta Aitor Mendiluzerekin, Mendizabal erretegian.

Azaroaren 29a, larunbata

  • 13:00. Herri kirol erakustaldia.
  • 13:30. Triki-poteoa, Erkizi eta Zabale trikitilariekin.
  • Segidan, orgaren aurreneko zozketa.
  • 14:30. Auzo bazkaria, Bordatxo tabernan.
  • 21:30. Txerri boda, Landeta sagardotegian.

Abenduaren 1a, astelehena, San Eloi eguna

  • 14:30. San Eloi eguneko arkume jana, Bordatxo tabernan.

Abenduaren 6a, zapatua

  • 12:00. Azoka eta animalien erakusketa.
  • 12:00. Pintxoak eta sagardoa dastatzeko aukera izango da.
  • 13:00. Poniekin ibilaldiak, Lopene ganadutegiaren eskutik.
  • 13:30. Iago Magoren erakustaldia.
  • Segidan, orgaren bigarren zozketa.
  • 14:30. Bazkaria, Lau Bide jatetxean.
  • 16:30. Sokamuturra, Albara ganadutegiaren eskutik.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide