Euskarazko antzerkigintzaren plaza izan da Azpeitia azken asteetan, 43. Euskal Antzerki Topaketak izan baitira herrian. Atzo bukatu zen aurtengo aldia, Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak Korrikaren II. Sorkuntza Bekari esker ondu duten Kaka antzezlanarekin. Emanaldi horren aurretik banatu zuen Azpeitiko Udalak aurtengo Ikusleen Saria; herritarrek hala erabakita, Dejabu Konpainiaren Itzulera obra izan da herritarren iritziz aurten Azpeitian plazaratu duten onena. Talde horrek azaroaren 16an taularatu zuen obra, ehunka lagunen aurrean.
Leire Sarasua Kultura zinegotziak hartu zuen hitza sari banaketan, eta hark azaldu zuenez, "bizi-bizirik" dago antzerkia uneotan. Horren erakusle izan zen, haren arabera, Soreasu antzokia atzo leporaino bete izana. Urko Redondo Dejabu Konpainiako zuzendari artistikoak jaso zuen saria, eta hark esan zuen "beti" dela pozgarria sari bat jasotzea, baina saririk onena antzerki obretan publikoa edukitzea dela: "Saiatzen gara opari bat eskaintzen gizarteari, komunitateari, eta ondorioz, guretzat saririk handiena da emanaldiak edukitzea. Dena den, horrelako aitortzak ere beti dira ongietorriak".
Halaber, hark adierazi zuen, duela bi asteburu "oso pozik" egon zirela Soreasu antzokian, eta "harrera polita" jaso zutela Azpeitiko publikoaren partetik. Horrez gain, Redondok zorionak eman zizkion Azpeitiko herriari, horrelako topaketa batzuk hainbeste urtez egiteagatik. "Jarraitzeagatik, publikoa erakartzeagatik, eskerrik asko. Izan ere, horrela erakartzen da publikoa, horrela egiten da publikoa, horrela egiten da komunitatea. Egia esan, zorionekoak sentitzen gara antzerkilariok horrelako topaketetan parte hartzeagatik".