Iaztik zuten arantza kendu zuten atzo Julen Esnaolak eta Ilargi Uribek. Izan ere, bikote hori izan zen nagusi 47 taldek parte hartu zuten Ibilgailu Klasikoen IV. Udazkeneko Rallyan. 1995eko BMW 325 autoarekin lortu zuten garaipena. Bigarren Iokin Agirrek eta Jon Sorozabalek egin zuten (1985eko BMW 325 ibilgailuarekin), eta hirugarren, berriz, Iñaki eta Aitor Garmendia sailkatu ziren (1990eko Golf GTI ibilgailuarekin).
Lagun Artea eta Urraki eskuderiek antolatutako rallya 47 taldek bukatu zuten, nahiz eta 57 ziren izena emanda. Goizean izan ziren ikusgai 25 urtetik gorako ibilgailuak Epaitegiaren aurreko plazan, eta proba 11:00etan hasi zen. Banaka-banaka, 30 segundoko aldearekin, atera ziren plazatik autoak, eta hainbat tramo egin zituzten goizean nahiz arratsaldean. Orotara, 250 kilometro inguru egin zituzten rallyko partaideek Gipuzkoako, Arabako nahiz Nafarroako errepideetan.