Martxan da Ibilgailu Klasikoen Udazkeneko Rallya

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 22a

25 urtetik gorako ibilgailu klasiko hainbat izan dira ikusgai goiz partean Epaitegiaren aurreko plazan, eta herritar hainbat joan dira horiek ikustera. 11:00etan atera dira horiek banaka-banaka, eta 250 bat kilometro eginda, 19:25 aldean itzuliko dira herrira. 57 talde ari dira parte hartzen.

Autoz bete da gaur goizean Azpeitiko Epaitegiaren aurreko plaza; izan ere, 11:00etan eman diote hasiera Ibilgailu Klasikoen Udazkeneko Rallyari. Aurtengoa hitzorduaren laugarren edizioa izan da, eta 57 talde ari dira parte hartzen. Horiek Azpeititik abiatuta, 250 kilometro inguru egingo dituzte Gipuzkoako, Arabako nahiz Nafarroako errepideetan.

25 urtetik gorako ibilgailu klasiko hainbat izan dira ikusgai goiz partean Azpeitian, eta herritar hainbat joan dira horiek ikustera. Banaka-banaka, 30 segundoko aldearekin, atera dira plazatik autoak, 11:00etan hasita, eta horiek Gorlako tramoari egin diote aurre lehenengo. Gero, Angiozarren, Eginon, Etxarri-Aranazen, Astizen, Uitzin, Berastegin nahiz Bidanian egingo dituzte erlojupeko zatiak. Antolatzaileek aurreikusi dutenez, 19:25 aldean itzuliko dira ibilgailuak atzera Azpeitiko Epaitegiaren aurreko plazara.

Lagun Artea eta Urraki eskuderiek antolatutako proba irabazteko lehia irekita dago; beraz, iluntzera arte egon beharko dute partaideek nahiz rallyen zaleek txapela norentzat izango den ikusteko. Rallyaren nondik norakoak honako lotura honetan jarraitu ahal izango dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide