Tuberkulosiak abere suharrengan eta ondorioz ganaduzaleengan dituen eraginez eta ondorioez aritu ziren ostegun arratsaldean Basazabal jauregian, Euskal baserritarrak eta abere suharrak tuberkulosiaren aurrean izenburupean Zortziko zezenzale elkarteak antolatutako saioan. Iñigo Altunak gidatutako solasaldian, gaiaz asko dakiten bi ganaduzalek eman zituzten azalpenak: Markes de Saka ganadutegiko Asier Arrizabalagak eta Albara ganadutegiko Asier Albitek.
Gaitza zer den, nola kutsatzen eta zabaltzen den, nola atzematen den eta beste hainbat xehetasun azaldu zituzten bi ganaduzaleek. Argibide teknikoak Albitek eman zituen, albaitaria ere badelako, eta Arrizabalagak bere esperientzia kontatu zuen Basazabalen bildutako dozenaka herritarren artean; izan ere, aurtengo otsailean Deban duen Saka ganadutegiko abelburu guztiak –200 bat buru– akabatzeko erabakia hartu behar izan zituen tuberkulosiagatik. Horregatik, ondo baino hobeto kontatu zuen ganaduzaleek zer nolako estresa bizitzen duten kanpaina egitea tokatzen zaien bakoitzean, eta baita zer-nola galera ekonomiko eta sentimentala eragin zizkion ia ehun urtez lantzen joandako genetika duten animaliak akabatu behar izateak ere.
Hitzaldia bertatik bertara entzutera joan ziren dozenaka herritarrek arretaz jarraitu zituzten azalpenak, eta saioaren bukaeran galderak egiteko eta zalantzak argitzeko aukera ere izan zuten. Horietako bati erantzunez, bi ganaduzaleek garbi utzi zuten Euskal Herrian "zezen festa herrikoiek" etorkizuna ziurtatua dutela, ganaduzale gazteak ugaritzen ari direlako eta zaletasuna geroz eta handiago delako.
