57 taldek parte hartuko dute ibilgailu klasikoen udazkeneko rallyan

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 20a

Iñaki Orbegozo 1978ko Peugeot 504 autoarekin, ibilgailu klasikoen rally batean. (Utzitakoa)

Ibilgailu klasikoen udazkeneko rallya larunbatean izango da, 11:00etan hasita. 25 urtetik gorako ibilgailuekin osatuko dute erregulartasun proba, Gipuzkoako, Nafarroako nahiz Arabako lurretan. Parte hartuko duten taldeetatik 24 dira azpeitiarrek osatuak.

Laugarrenez egingo dute larunbatean autoen Ibilgailu Klasikoen Udazkeneko Rallya, eta 57 taldek parte hartuko dute Gipuzkoako, Nafarroako nahiz Arabako errepideetan barrena egingo duten rallyan. Orotara, 250 kilometro egingo dituzte horiek 25 urtetik gora dituzten ibilgailu klasikoen erregulartasun proban.

11:00etan aterako dira ibilgailuak banan-banan, Azpeitiko epaitegiaren aurreko plazatik. Horiek egingo duten lehenengo tramoa Gorlakoa  izango da, ia hemezazpi kilometroko luzeraduna. Gero, Angiozarko tramoan ariko dira –hamahiru kilometrokoa–, eta segidan Aramaioko lurretan erlojuaren kontra ariko dira. Haren ostean Eginoko tramoa egingo dute –30 kilometrokoa–. Etxarri-Aranazen bazkalduko dute partaideek, eta arratsaldean berriro ekingo diote jardunari; Astizko tramoa –36,4 kilometrokoa–, Uitzikoa –11,3 kilometrokoa–, Berastegikoa –21,5 kilometrokoa– nahiz Bidaniakoa –40,8 kilometrokoa– egingo dituzte. Rallya bukatuta, ibilgailu guztiak Azpeitiko epaitegiaren aurreko plazara itzuliko dira, 19:25 aldean.

Lagun Artea eta Urraki eskuderiek antolatutako proba irabazteko lehia irekita dago, nahiz eta iazko irabazle Manu Vidaurreta eta Pablo Llano izango diren partaideen artean, baita bigarren sailkatu ziren Julen Esnaolak eta Ilargi Uribek ere. Bestalde, Azpeitiko auto klasikoen azken rallyan podiumera igotzea lortu zuten Jorge del Cid eta David Carrero ere ariko dira lehian, baita Iñaki Alberdi eta Izar Aranguren ere. Halaber, Iokin Agirrek eta Jon Sorozabalek ere parte hartuko dute, baita Ion eta Jon Araneta osaba-ilobek ere.

Proban parte hartuko duten ibilgailurik zaharrenak Jagoba Agirreren eta Ibon Juaristiren 1970eko Alpine A110-a eta Joxean eta Arantzazu Araneta aita-alaben 1970eko Porsche 911T-a izango dira. Horrez gain, partaideen artean asko Azpeitikoak izango dira; antolatzaileek aurreratu dutenez, 57 taldetatik 24 izango dira azpeitiarrek osatutakoak.

Klasikoen rallyen ezaugarri nagusietako bat da errepide irekian egiten direla, eta ondorioz, ustekabeek denbora galtzea eragin dezaketela. Horregatik, antolatzaileek herritarrei eskatu diete, ahal duten neurrian, parte hartzaileei bidea errazteko. Rallyaren egunean honako lotura honean jarritu ahal izango dira emaitzak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide