Azpeitian ere elkartu ziren

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 20a

Ezkerretik eskuinera, Rubio, Ibaibarriaga eta Esnaola herenegun, solasean. (Julene Frantzesena)

Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiorekin elkarrizketan liburua aurkeztu zuten herenegun Sanagustin kulturgunean. Hainbat herritar elkartu ziren han lanaren egile Asier Ibaibarriagak eta Pello Rubio protagonistak Enekoitz Esnaolak gidatuta eskaini zuten solasaldian. Arnaldo Otegik, Jesus Egigurenek eta Rubiok Txillarren ez ezik, Azpeitiko etxe batean ere egin zituzten bilerak.

Euskal politikariek, tartean Jesus Egigurenek eta Arnaldo Otegik, mahaiaren bueltan izandako elkarrizketek egin zuten ezagun Elgoibarko Txillarre baserria. Politikari haiek han elkartzeko ekimena Pello Rubio baserriaren jabe zumaiarrarena izan zen, eta orain, Rubioren bizipenak liburu batean jaso dituzte Asier Ibaibarriagak eta Edurne San Martinek. Hain zuzen ere, Rubiorekin izandako hizketaldi bat eraman dute bi egile horiek Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiorekin elkarrizketan liburura.

Herenegun aurkeztu zuten lana Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, dozenaka lagunen aurrean. Aurrena Txillarreko sukaldaria ikus-entzunezkoa eskaini zuten, eta segidan, solasean aritu ziren Rubio eta Ibaibarriaga, Enekoitz Esnaola kazetariak gidatuta. "Hiztuna da", esan zion Esnaolak Ibaibarriagari, liburuko protagonistaz, eta hark erantzun zion baietz, hiztun "ona" dela Rubio, eta lana "beratzen" eduki zutela, "bakailaoa bezala", beraien artean konfiantza lortu nahi zutelako: "Rubiok, elkarrizketan, gauzak barrutik esaten ditu, eta hori lortu genuen konfiantzari esker".

Rubiok dioenez, elkarrizketarako prestatu egin zen; izan ere, nahi zuen kronologikoki ordenatu gertaerak, jendeak hobeto ulertzeko. "Gauza pila bat ditut barruan, 24 orduz isildu gabe aritzeko adina, baina gauzak batzuk esan gabe geratu naiz". Esnaolak hala galdetu zion hori esan ostean: "Esan daitekeen dena esan al duzu?". Eta Rubiok: "Denak ezin dira esan. Ni Jesusen [Egiguren] defentsorea naiz prozesu horretan, eta bere alderdiko jendeak harekin egin zuena prozesu horretan... Ez dago eskubiderik. Horregatik, hari errespetuz, gauza batzuk ez ditut kontatuko. Dena den, beste liburu bat idazteko modukoa da".

Nahi zuten informazioa

Hogeitik gora urte pasatu dira Txillarreko elkarrizketa haietatik, eta Rubioren arabera, herritarrek nahi zuten sasoi hartako informazioa. "Hori sumatu dugu aurkezpenetan eta", esan zuen. Rubiok, dena den, garbi utzi nahi izan zuen gauzak ez dituela egin kontatzeko, baizik eta behar direlako. "Egin egin behar ditut nik gauzak, gero ondo edo gaizki aterako dira, baina... Kointzidentzia izan da liburua orain argitaratzea. Edurne San Martinekin Arraten egin nuen topo duela urtebete; ez genuen elkar ezagutzen, baina hura kazetaria izan, hasi zen galdezka bata eta beste, eta... Harrituta geratu zen, eta erabaki zuen kontatu beharra zegoela gertatu zena. Orduan elkartu izan ez bagina, ez nukeen beste hogei urtean orduan bizi izandakoak kontatzeko presarik izango".

Esnaolak 1999an kokatu zuen Rubio, orduan hasi zituztelako Txillarreko hitzorduak. Zerbait etorriko al zen sumatzen al zuen galdetu zion kazetariak, eta Rubiok zera erantzun: "Ez. Nik elkartu nituen bi alderditako bi lagun mahaiaren bueltan. Hiru baserritarren arteko gauza izan zen, eta prozesua oso humanoa izan zen, horrelakoxe hiru pertsona elkartu ginelako". Esnaolak, barrez: "Zein da hirugarren baserritarra? Otegi baserritarra al da?". Rubiok: "Jesus ni baino baserritarragoa da, eta Otegi ez da baserritarra, kaletarra da... Kaleko umea da".

Azpeitian ere bildu ziren

Txillarren egin zituzten hiru lagunek bilkura gehientsuenak, baina liburuan jaso dutenez, eta Rubiok herenegungo hizketaldian baieztatu zuenez, Azpeitian ere egin zituzten hitzordu batzuk. "Loiolatik aparte, Azpeitian lau bat bilera egin genituen, herritar batzuen etxean. Izan ere, Txillarreren berri izan zutenean, atzetik genituen polizia, Guardia Zibila, Ertzaintza, kazetariak... Denak Txillarre gainean izaten ziren. Guk segitu egin nahi genuen bilerak egiten, eta Txillarretik ihesi, handik kanpora jo genuen".

Biltzen jarraitu zuten, une hartan "ezin zutelako apurtu" ordura arte egindako dena. "Pozgarria izan zen, gauzak lotzen joan ginelako eta bukatu genuen lekuan bukatu genuelako prozesua". Horregatik, esker hitzak izan zituen solasaldian Azpeitiko beren etxean biltzeko aukera eman zieten herritarrentzat. Txillaretik kanpoko bilera haietan ere parte hartu zuen Rubiok, politikariekin batera, baita Azpeitikoetan ere.

Ordubeteren bueltan jardun zuen solasean herenegun Rubiok, kontatzeko dituen denak kontatzeko denbora labur samarrean. Eman zituen pare bat zertzelada sasoi hartako bilkurez, Esnaolak egindako galderei erantzunez: "Bilera haietan ez zen aktarik jasotzen, eta ez genuen argazki bat bera ere atera. Dena buruan hartzen genuen, eta betirako egongo dira nirekin, nirekin batera joango direlako". Hark azaldu zuenez, gauzak egin egin behar dituelako eta hala sinesten duelako egiten ditu, ez beste asmo batekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide