Dozenaka langile eta ordezkari sindikalek parte hartu dute gaur 13:30etik 14:30era Elmubas enpresaren atarian ELAk zein LABek deitutako protestan. Sindikatuon pankarta banaren atzean elkartu dira mobilizazioarekin bat egin dutenak: Elmubas, jazarpen sindikalik ez! Kaleratzerik ez! zioen ELArenak, eta horri eusten egon dira joan den azaroaren 7an zuzendaritzak kaleratu zituen bost langileak; Elmubasen antolatzeko eskubidearen alde! Kaleratzerik ez! irakur zitekeen, berriz, LABen ordezkariek atera duten pankartan.
Bi sindikatuetako ordezkariak bat etorri dira Elmubasen gertatzen ari dena "larria" dela adierazterakoan. Sindikalizatu gabeko enpresa izan da orain arte Elmubas, eta gaurko protestan batu diren bi sindikatuen arabera, langileak antolatzen hasi direnean eta hauteskunde sindikalak egiteko prozesua martxan jarri dutenean, bost langile kalera bidaltzea izan da zuzendaritzaren erantzuna. "Aurreabisurik gabe eta inongo arrazoi logikorik eman gabe" kaleratu dituzte langileak, ELAren ordezkarien esanetan, eta hauteskunde sindikalak egin nahi izatearekin lotu dituzte sindikatuek kaleratzeak, "zuzen-zuzenean". LABen ordezkariek, berriz, adierazi dute Elmubasek "inoiz ez" duela nahi izan langileak antolatuta egotea. "Langileak pixka bat mugitzen hasi direnean, erditik moztu nahi" izan ditu mugimenduok enpresak, baina "gaizki atera zaio", LABekon ustez. "Beharrezkoa iruditu zaigu gaur hemen egotea, langileei babesa adierazteko", esan dute elkarretaratzean.
Azken egunetako mugimenduen berri eman du, bere aldetik, ELAko Ioritz Iglesiasek: "Jaurlaritzara bidali eta gero, asteartean etorri ginen enpresara hauteskundeen deialdiarekin. Deialdia jaso ere ez ziguten egin, ez zuten nahi izan. Ertzaintzari deitu genion, deialdia jaso zezan, bestela langileak babesik gabe utziko genituzkeen; gertatutakoak ikusita, deialdia sinatu duen jendea enpresaren jazarpenaren beldur zen".
"Egoera ikusita", Lan Ikuskaritzan salaketa aurkeztu du ELAk, "bere lana egin eta legea betearaz dezan". Aldi berean, "hauteskundeak era justuan egitea tokatzen" zaiela adierazi dute ordezkari sindikalek; eta enpresak hauteskunde horiek egiteko eragozpenak jartzen baditu, "neurri gehiago" hartuko dituela aurreratu dute ELAkoek.
Adierazpenik ez
Guka Elmubasekin harremanetan jarri da, sindikatuen salaketen eta gaurko protestaren aurrean zuzendaritzak duen iritzia jakiteko.
Gaurko zein aurrerantzean etor daitezkeen mobilizazioak "guztiz errespetatzen" dituztela adierazi dute enpresaren iturriek, baina gai horrekin lotutako adierazpenik ez dutela egingo esan dute.